Gizartea -
Gasteiz ordezkatuko du
Kopenhage 2014ko Europako Hiriburu Berdea izendatu dute
1,2 milioi biztanle dituen Danimarkako hiriburua sari horretarako hautagaia zen, Bristolekin (Ingalaterra) eta Frankfurtekin (Alemania) batera.
Erredakzioa
Kopenhage (Danimarka) 2014ko Europako Hiriburu Berdea izendatu dute, Gasteizen (titulu hori du aurten) egindako ekitaldi batean.
Gasteizek duen titulua. Janez Potocnik Europako Ingurumen komisarioa eman du ezagutzera epaimahaiaren erabakia. Danimarkako hiriburua sari horretarako hautagaia zen, Bristolekin (Ingalaterra) eta Frankfurtekin (Alemania) batera.
Kopenhagek 1,2 milioi biztanle ditu, eta 2010ean ezin izan zuen saria lortu, Stockholmok eraman baitzuen. Bere ingurumen proposamen artean, besteak beste, 2025era atmosferara CO2 emisiorik egin gabe heltzea dago.
2014ko Europako Hiriburu Berdea hautatzeko ekitaldiaren buru, besteak beste, honako hauek izan dira: Mercedes Bresso Europar Batasuneko Lurraldeen Batzordeko presidentea, Miguel Arias Cañete, Patxi Lopez lehendakaria eta Javier Maroto Gasteizko alkatea.
"Green Capital" berria nor den jakitera eman baino lehen, Patxi Lopez lehendakariak nabarmendu du Gasteiz "jasangarritasunaren erakusleihoa" bilakatu dela Euskadirentzat. Halaber, krisi garai hauetan argi izan behar dela "hazkuntza politika guztiek euren DNAri jasangarritasun ezaugarria itsatsita izan behar dutela" azaldu du.