Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Euri kontuak itzuliko dira asteburuan
Orduak aurrera egin ahala, eguraldiak okerrera egingo du. Asteburua, oro har, grisa izango da, baina astea eguzkiarekin hasiko dugu.
Erredakzioa
Gaur giroa kaskartuz joango da. Goizean urdingune ederrak gailenduko dira eta eguzkiaz gozatzeko beta izango dugu Euskalmeten arabera. Eguerditik aurrera ordea, haizea ipar-mendebaldetik finkatuko da eta hodeiak ugarituz joango dira; zeru-gaina estalita geldituko da eta tarteka zaparradak botako ditu, bereziki Kantauri isurialdean. Baliteke han-hemenka trumoiak jotzea. Tenperaturak koska pare bat behera egingo du.
Igandean, giro grisa eta umela. Lainopean hasiko dugu eguna eta euritarako egongo da, bereziki Kantauri isurialdean. Tenperaturak beheranzko bideari eutsiko dio eta batez ere barnealdean freskatuko du; eguneko beroenak 20 graduren azpitik geldituko dira. Arratsaldeak aurrera egin ahala, atertuz eta hodeitza saretuz joango da, batez ere hegoaldean.
Astelehenean, eguraldiak hobera egingo du. Tarteka hodei maskal batzuk agertuko badira ere, batez ere goizean goiz eta iluntzetik aurrera, gainontzeko orduetan urdingune ederrak gailenduko dira. Tenperaturak koska pare bat gora egingo du eta 22-24 gradu artean geldituko dira eguneko beroenak.