Gizartea -
Chelico operazioa
Bi lagun atxilotu dituzte Gipuzkoan, Errusiara material militarra bidaltzea egotzita
Kontrabando delitua leporatu diete biei. 2021eko ekainean hasi zuten ikerketa. Garai hartan, agenteek jakin zuten enpresa batetik material aeronautiko militarra ari zirela bideratzen Errusiara, legeak horren gainean ezarritako kontrolei iskin eginda.
EITB MEDIA
Zerga Administrazioko Estatu Agentziako Aduanazaintza Zerbitzuak eta Polizia Nazionalak errusiar eta ukrainar jatorriko bi lagun atxilotu dituzte Irunen eta Hondarribian, kontrabando delitua egotzita. Biek ala biek Errusiara material militarra bidaltzen omen zuten.
2021eko ekainean hasi zuten ikerketa. Garai hartan, agenteek jakin zuten enpresa batetik material aeronautiko militarra ari zirela bideratzen Errusiara, legeak horren gainean ezarritako kontrolei iskin eginda.
Enpresa horren kanpo merkataritzako jarduerak aztertu zituzten agenteek, eta ikusi zuten garraio logistika gertutik ezagutzen zuen sare bat zegoela. Salgaiak bidaltzen zituzten herrialdeak, baina, bahimendurik gabekoak zirela jasotzen zuen enpresak aduanako dokumentazioan, nahiz eta merkantzia Errusiara bidali.