Gizartea -

Madril

Fiskaltzak ez du deliturik atzeman Madrilgo Ahuja ikastetxe nagusiko egoiliarren irain matxistetan

Madrilgo Fiskaltzak artxibatu egin du 2022ko urrian irekitako ikerketa, baina egindako oihuak emakumeen "duintasunaren aurkako erasotzat" jo ditu.

Elias Ahuja ikastetxe nagusiko egoiliarrak, Madrilen.
Elias Ahuja ikastetxe nagusiko egoiliarrak, Madrilen.
Madrilgo Elias Ahuja Ikastetxe Nagusiko zenbait egoiliar kanporatu dituzte oihu matxistengatik

0:31

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Fiskaltzak artxibatu egin du Elias Ahuja Ikastetxe Nagusiko gizon talde batek Santa Monica zentroko emakumeen aurka egindako irainak direla-eta abiatutako ikerketa, ez baititu gorroto delitutzat hartu.

Oihu horien bideoa birala egin zen sare sozialetan 2022ko urrian. Egoiliarretako batek emakumezko ikasleak iraindu zituen bere leihotik: "Putak, atera zaitezte zuen gordelekuetatik, untxiak bezala, putak eta ninfomanoak zarete, hitz ematen dizuet denok txortan egingo duzuela jaialdian, goazen Ahuja!". Gero, gainerako ikasleak leihoetara atera ziren, eta, kidearen mezua babestuz, oihuka jarraitu zuten.

Fiskaltzak bat egin zuen Madrilgo Complutense Unibertsitateak abiatutako ikerketarekin eta gizarteko hainbat sektorek egindako gaitzespenekin, Intolerantziaren aurkako Mugimenduak salaketa egin ostean.

Gertakariak aztertuta ondorioztatu dutenez, adierazpen "errespetugabeak eta iraingarriak" dira emakumeentzat, eta "duintasunaren aurkako erasoa", baina ez dago gorroto deliturik, ezta osotasun moralaren aurkako deliturik ere; izan ere, "ez dago jasota egoitzan zeuden emakumeetako batek ere gertaerak salatu dituenik".

Era berean, Fiskaltzak zehaztu du ezin direla epaitu Zigor Kodearen 173.4 artikuluaren bitartez; izan ere, Sexu Askatasunaren Berme Integralaren Legeak ("Bai bakarrik da bai" legea) sartu zuen artikulu hori, gertakariak jazo eta bost egunera.

Jokabide horiek Zigor Kodearen 173.4 artikuluan daude zigortuta, eta, Fiskaltzaren arabera, zigortu egiten ditu "biktimarengan objektiboki egoera umiliagarria, etsaitasunezkoa edo larderiazkoa sortzen duten sexu izaerako adierazpenak, jokabideak edo proposamenak egiten dituzten beste pertsona batengana jotzen dutenak, larritasun handiagoko beste delitu batzuk ez direnean".

Victoria Rosell Genero Indarkeriaren aurkako Espainiako Gobernuaren ordezkariak egun batzuk geroago iragarri zuen gertakari horiek delitutzat joko litzatekeela lege horrekin, legea indarrean egon izan balitz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril Matxismoa