Gizartea -
Gertakaria
Bilboko Alkartetxearen arduraduna atxilotu dute droga-trafikoagatik
Bilboko Udaltzaingoak itxi egin du ustezko kokaina saltzailearen ardurapean zegoen taberna. EAk neurriak hartuko ditu delitua frogatzen bada, eta atxilotua ez dela alderdiko kidea azpimarratu du.
Erredakzioa
Bilboko Udaltzaingoak 39 urteko emakume bat atxilotu zuen ekainaren 28an Bilboko Ajuriaguerra kaleko Alkartetxean (EAren egoitza soziala) kokainarekin trafikatzea leporatuta, Udaltzaingoak ohar batean jakitera eman duenez. Emakumea Alkartetxeko arduraduna eta sukaldaria zen, eta orain taberna itxi egin diote.
Taberna horretan droga saltzen zutela ohartarazi zioten Ertzaintzari eta hori egiaztatzeko dispositibo bat jarri zuten martxan. Taberna zaintzen aritu ziren hainbat egunez, eta Alkartetxeko arduradun eta sukaldariak kokaina saltzen zuela ikusi zuten.
Polizia iturrien arabera, ustezko kokaina saltzailea drogaren purutasunagatik eta salmentarako diskrezioagatik zen ezaguna. Maila ekonomiko altuko pertsonak ziren bere erosleak eta horregatik, dirutza handiak ordaintzen omen zituzten kokainagatik.
EAk neurriak hartuko ditu
Eusko Alkartasunak iragarri duenez, Bilboko Ajuriagerra kaleko alkartetxea alokairuan zuen emakumearen kontrako neurriak hartuko dituzte delitua egiaztatzen bada.
"Atxilotutako emakumeak alokatu zuen taberna, baina emakumea ez da EAko kidea, Eusko Alkartasunak ez du zerikusirik tabernaren kudeaketan", adierazi du EAk prentsa-agiri batean.