Gizartea -

Suteak itzaltzeko lanetan

Pertsona bat hil eta bi zauritu Valentzian, bi helikoptero istriputan

Cortes de Pallaseko sutea itzaltzeko lanetan ari zirela, istripua izan dute bi helikopterok, eta gidarietako bat hil egin da. Astearte honetan ekingo diete berriz hilotza bilatzeko lanei.

Suak kalte handiak eragin ditu Valentzian. Argazkia: EITB.
Hildako bat eta bi zauritu Valentzian, bi helikoptero istriputan

01:09

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cortes de Pallas udalerrian (Valentzia) piztutako sutea itzaltzeko lanetan ari ziren bi helikopterok istripua izan dute astelehen honetan, eta horietako baten gidaria hil egin da. Bigarren helikopteroko gidaria eta kopilotua zauritu egin dira.

Lehen istripua Yatova udalerrian izan da, Forata urtegitik gertu. Valentziako suhiltzaileen urpekari taldea eta Guardia Zibilaren GEO taldea istripua gertatu den gunera bertaratu dira, eta urtegia miatu dute, gidariaren hilotzaren bila. Ez dute gorpurik aurkitu, eta bilaketa lanak bertan behera utzi dituzte, gaur arte.

Bigarren istripua Cortes de Pallas udalerrian bertan izan da. Bigarren helikoptero horretako gidaria eta kopilotua zauritu egin dira, eta Valentziako La Fe ospitalera igorri dituzte, traumatismo ugari baitzituzten.

Suterik larrienak 2004tik

Erretako eremua kontuan hartuta, Espainian 2004tik izan diren suterik larrienak dira Valentziakoak, dagoeneko 50.000 hektarea erre baitira bertan. Cortes de Pallaseko suteak 28.643 hektarea erre ditu, eta Andillakoak, berriz, 19.940 hektarea. Valentziako Erkidegoan inoizko suterik larrienak dira.

Igande honetan, gainera, beste sute bat piztu da Albaceten, eta dagoeneko 8.000 hektarea erre ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea