Gizartea -
Polizia-operazioa
Lehergailuak egiteko legez kanpoko laborategi bat desegin dute Nafarroan
Pertsona bat atxilotu dute arduradun gisa, eta senideei leherketa handi batekin mehatxu egiteagatik.
eitb media
Nafarroako Foruzaingoak eta Guardia Zibilak lehergailuak egiteko legez kanpoko laborategi bat desegin dute Nafarroan, "Arquimedes" izeneko operazio baten baitan, eta gizonezko bat atxilotu dute.
Ikerketa etxe barruko indarkeria kasu baten harira izandako atxiloketa batekin hasi zen. Gizon horrek leherketa handi batekin mehatxu egin zien senideei.
Atxilotutako gizonaren etxea miatu zuten, eta lehergailuak egiteko materiala bertan aurkitu zuten, amaitutako lehergailuekin batera. Detonagailuak, formula kimikoak eta lehergailuak egiteko instrukzioak ere atzeman zituzten.
Espainiako Estatuko zenbait probintziatan banatutako dendek saldu zioten lehergailuak egiteko materiala gizonari, eta Guardia Zibilak ikuskaritza lana egin ostean, salaketak jarri dizkie baimenik ez zuen norbanako bati material hori saltzearren.