Gizartea -
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA
PSOEk eta PPk lehen akordioa lortu dute "bai bakarrik da bai" legearen inguruan
Sozialistek eta Alderdi Popularrak akordioa lortu dute erreformaren alde batzuk zuzentzeko. Sozialisten arabera, aldaketa horiek "teknikoak" dira, baina PPrentzat "garrantzi handia" dute, bi talde politikoek adierazi dutenez.
AGENTZIAK | EITB Media
PSOEk eta PPk "bai bakarrik da bai" legearen inguruko lehen akordioa lortu dutela iragarri dute gaur goizean, Espainiako Diputatuen Kongresuan legea erreformatzeko zuzenketen eztabaida hasi den egunean, hain zuzen ere.
Sozialistek eta Alderdi Popularrak akordioa lortu dute erreformaren alde batzuk zuzentzeko. Sozialisten arabera, aldaketa horiek "teknikoak" dira, baina PPrentzat "garrantzi handia" dute, bi talde politikoek adierazi dutenez.
Pedro Sanchezen inbestidurako bazkideentzat, aldaketa "etsigarriak" dira, Kongresuan batzartutako lantaldea amaitu ostean Pilar Valluguera ERCko diputatuak esan duenez; izan ere, PSOE, PP, Ciudadanos eta EAJren botoekin onartu dute erreformaren aldaketa, eta Vox, Unidas Podemos, ERC eta EH Bilduren aurkako bozekin.
Sexu-erasotzaileei ezarritako zigorrak murriztu ostean sozialistek bultzatutako lege-proposamena asteartean eztabaidatuko dute Justizia Batzordean, eta ostegunean iritsiko da Kongresuko osoko bilkurara.