Gizartea -

EUSKARA

Ehunka lagun elkartu dira Baionan euskararentzat baliabideak eta politika eraginkorrak eskatzeko

"Azterketak euskaraz. Euskarari trabarik ez! Euskarak bizi behar du!" goiburupean manifestazioa egin dute Lapurdiko hiriburuan. Euskarak Ipar Euskal Herri osoan dituen "oztopoak" salatu dituzte.

Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egitearen aldeko protesta baten irudia
Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egitearen aldeko protesta baten irudia.
Euskarari ''oztoporik ez'' jartzeko eskatuz, ehunka lagun bildu dira larunbat arratsaldez Baionan

0:44

Aitor Sagarzazu | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Azterketak euskaraz. Euskarari trabarik ez! Euskarak bizi behar du!" goiburupean, 3.000 lagun inguru bildu dira larunbat arratsaldez Baionan, Euskal Konfederazioak, Ipar Euskal Herriko gizarte eragile ugarik osatzen duten erakundeak deituta. Euskalgintzako eragile ugarik hartu dute parte bertan, erakundeei hainbat aldarrikapen helarazteko: tartean, denek azterketak euskaraz egin ahal izatea, eta oro har, hizkuntza politika indartsu bat ezartzea

17:00etan abiatu da protesta, Suprefeturaren egoitzaren ataritik. Manifestazioan lehenak, Estitxu Robles kolegioko ikasleak izan dira, Bordeletik bizikletaz etorri direnak, azterketak euskaraz egitea aldarrikatzeko. 

Seaskako ikasle horiek brebeta euskaraz egin ahalko dute aurten; ez ordea sail elebiduneko ikasleek, eskola publiko zein pribatuetan. Denentzat berdin jokatzeko eskatu dute, eta baita baxoa euskaraz egiteko eskubidea ere.

Hala ere, pankartetetan, leloetan eta azken ekitaldian aldarri orokorragoa izan da nagusi. Hain zuzen ere, Euskara biziko bada, ezinbesteko direla hizkuntza politika eraginkorrak eta herri mugimenduentzako baliabideak. Aldarriaren ondotik baita salaketa ere, Euskarak une oro eta toki guztietan dituen "oztopoak", hain zuzen ere. 

"Frantziako Gobernuaren jarrera" eta tokiko erakundeen "erantzunik eza" salatu dituzte eta arduradun guztiei eskatu dizkiete erantzukizunak. "Gaur egun Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten lau instituzioek eraman hizkuntza politika arrunt eskasa da, lege eta diru baliabideak nahikoak ez direlako eta, bereziki, egiazko borondate politiko eskasa baita aitzina egiteko", adierazi zuen Euskal Konfederazioak, deialdia egin zuenean. Gaurko ekitaldian ere halaxe gogorarazi dute, besteak beste, AEKko kideek, "prekarietatean" direla salatu baitute. 

Berriki argitaratu diren VII. Inkesta Soziolinguistikoaren Ipar Euskal Herriko emaitzak "biziki kezkagarriak" direla esan ondoren,  protestaren deitzaileek uste du "hautetsiek aktiboki inplikatu" behar dutela "euskarak estatus berria lor dezan".

Euskalgintzaren Kontseiluak ere bat egin du deialdiarekin, eta Baionako kaleak betetzeko eskatu die asteon herritarrei. "Hil edo bizikoa da euskararen aldeko politika publiko sendoak indarrean jartzea", esan du berriki erakunde horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Iparraldea Baiona Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zuberoa albisteak Lapurdiko berriak Nafarroa Beherea