Gizartea -
Gipuzkoa
Bere txakurrak ardiak izutu, artzainari jipoia eman eta gainera salaketa jarri dio
Kirolean ari zen gizon bat igaro zen erasoaren tokitik, eta artzain gipuzkoarra ospitalera eraman zuen masailezurra apurtuta zuela. ENBAk adierazi du erasoa "muturreko kasua" izan dela, baina abeltzainen lanarekiko "errespetu pixka bat" eskatu du.
Agentziak | EITB Media
Gipuzkoako artzain batek salatu duenez, txakur baten jabeak jipoia eman zion animalia jasotzera joan zenean, eta, gainera, abeltzainaren aurkako salaketa jarri zuen.
Gertakaria joan den astean jazo zen, Gipuzkoako udalerri batean, Xabier Iraola ENBA sindikatuko koordinatzaileak adierazi duenez.
Horren esanetan, artzainak artaldea "apur bat asaldatuta" zegoela ikusi zuen, eta haien artean kale-txakur bat zegoela egiaztatu zuen. Hori dela eta, bere baserrira eramatea erabaki zuen, jabea agertu arte.
Txakurra bere baserrira eraman eta gutxira, emakume bat, beste emakume batekin eta gizon batekin batera, autoz agertu zen animalia erreklamatzeko, eta abeltzainak "hurrengoan lotu" esan zien, zalaparta handia eragin baitzuen bere artaldean.
"Hitzik esan gabe", auto barruan zegoen gizona kristalei kolpeak ematen hasi zen, "kristal bat hautsi ere egin zuen", eta ibilgailuko atea ireki ondoren, masailezurra hautsi zion artzainari, Iraolak emandako bertsioaren arabera. Kirola egiten ari zen gizon bat bertatik pasatu zen, eta zauritua ospitalera eraman zuen.
Artzainak salaketa jarri du Ertzaintzaren aurrean, baina "erasotzaileak beste bat jarri du, artzaina ibilgailuarekin harrapatzen saiatu zela argudiatuz", esan du Iraolak.
Kritikatu duenez, "hiri-ingurunean bizi den jendeak, mendira doanean, txakurra askatzen du eta hura artaldeak dauden hesi batean sartzen da". Batzuetan ganaduari ere egiten diote eraso, joan den astean Elgoibarko (Gipuzkoa) lursail batean gertatu zen bezala. Toki berean lau eraso zenbatu dituzte.
Hori askotan gertatzen denean, txakurraren jabea ez da agertzen eta abeltzainaren asegurua da abelburuen galerei aurre egin behar izaten diena, azpimarratu du Iraolak.
Iraolaren aburuz, erasoa "muturreko kasua" izan da, baina abeltzainen lanarekiko "errespetu pixka bat" eskatu du.
Aldundiak "erantzukizuna" eskatu die txakurren jabeei
Bestalde, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak "erantzukizunez" jokatzeko deia egin die txakurren jabeei, eta mendian animalia horiek "beti lotuta" eraman behar dituztela gogorarazi du.
Mendozaren arabera, foru erakundeak sentsibilizazio-kanpainak egin ditu horren inguruan, baina Aldundia "ezin da beti leku guztietan egon", eta txakurren jabeei dagokie erantzukizun hori bere gain hartzea.