Gizartea -
Minbiziaren aurkako txertoa
Txertoa izango al da minbiziaren aurkako sendagaia etorkizunean?
Modernak iragarri du 2030ean prest izango duela gaixotasun horren aurkako txerto bat, oraingoz melanoma-tratamenduan arrakastaz frogatua. Iragarpen horren aurrean, bi adituk euren iritzia eman dute.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Moderna farmazia-etxeak iragarri du 2030erako prest izango duela minbiziari aurre egiteko txerto bat, RNA mezulariaren (RNAm) teknika erabiliz. Oraingoz, baina, melanoma edo azaleko minbizia duten gaixoekin egin dituzte entseguak. Metodo horren eraginkortasuna, ordea, zalantzan jarri dute aditu eta mediku ugarik.
Larraitz Egaña Donostia Ospitaleko onkologoak eta Izaskun Zeberio hematologoak uste dute teknologia berri batean oinarritutako txerto honek aukerak ematen dituela etorkizunari begira, eta itxaropentsu begiratzen diote txertoari. Zehazki, txerto hori eta Keytruda (orain arte minbizi mota hori sendatzeko erabiltzen den sendagaia) nahasita, gaixotasuna % 44ra murriztea lortu dute. Hala, baikorrak dira, baina zuhurtzia eskatu dute gaixotasun hori duten pazienteei itxaropen faltsurik ez emateko.
Ez da prebentzio-txertoa, terapeutikoa baizik. Pertsona baten immunitate-sistemari ohartarazten dio gorputzean tumore bat hazten ari dela, eraso egin eta suntsitu dezan.
Zientifikoki azalduta, zelula osasuntsuetan ez dauden (eta erantzun immunitario bat eragiteko aukera gehiago dituzten) minbizi-zelulen gainazalean proteina zatiak identifikatzen dira, eta gero RNAm zatiak sortzen dira, organismoari nola fabrikatu adieraziko diotenak.
Minbizia da heriotza-kausa nagusia munduan, baina azken urteotan aurrerapen asko egin dira erradioterapiatik edo kimioterapiatik harago, metodo horiek oso erasokorrak baitira pazientearentzat.
Donostia Ospitalean, adibidez, urteak daramatzate minbizia duten gaixoentzako tratamendu askoz eramangarriagoak eskaintzen. Egañak eta Zeberiok nabarmendu dutenez, gaur egun askoz gehiago begiratzen zaie, alde batetik, gaixotasunaren beraren biologiari, ezaugarriei eta ugaltzeari edo proliferazioari, eta, bestetik, pazientearen sistema immunologikoa indartzeari. Immunoterapia, terapia zelularra edo odol-hodien aurkako botikak dira, besteak beste, egun erabiltzen diren tratamenduetako batzuk.