Gizartea -

Gipuzkoa

17 eta 19 urte bitarteko bost gazte atxilotu dituzte Eibarren, hainbat telefono mugikor lapurtzeagatik

Atxilotuak epailearen esku jarriko dituzte polizia eginbideak amaitu ondoren. Horietako bat, adingabea, legezko tutorearen zaintzapean jarri dute jada.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzako agenteek, udaltzaingoaren laguntzarekin, 17 eta 19 urte arteko bost mutil atxilotu dituzte igande honetan Eibarren, hainbat telefono mugikor lapurtzea egotzita. Atxilotuak herriko tren geltokian atzeman dituzte, gipuzkoar udalerritik alde egiten saiatzen ari zirela.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakariak igande goizeko seiak aldera jazo dira, telefono mugikorraren lapurreta baten biktimak Ertzaintzari abisua eman dionean.

Antza denez, lau eta bost gazte arteko talde bat atzetik jarraika joan zaio Urki auzoko lokal bateko komunetaraino, eta, barruan zegoela, haietako batek zangotraba egin dio, beste batek telefonoa lapurtu bitartean.

Polizia dispositibo bat jarri dute abian orduan, udaltzainak tartean, eta tren geltokian aurkitu dute talde hori. Deskribapena biktimak eta lekuko batzuek emandakoarekin bat zetorrela egiaztatu ondoren, agenteek identifikatu eta miatu egin dituzte.

Hala, guztira zazpi telefono mugikor konfiskatu dizkiete; horien artean zegoen biktimak salatutakoa, eta berreskuratu ahal izan du. Gertakarien leku berean, emakume batek minutu batzuk lehenago lapurtutako mugikorra berreskuratu ahal izan du.

Atxilotuak, 17 urteko adingabe bat eta 18 eta 19 urte arteko lau gazte, ertzain etxera eraman dituzte. Antzeko gertakariren batean parte hartu ote duten ikertzen ari dira orain, eta konfiskatutako telefonoen jabeak aurkitzen saiatu dira.

Atxilotuak epailearen esku jarriko dituzte polizia eginbideak amaitu ondoren. Adingabea legezko tutorearen zaintzapean jarri dute jada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Euskal hiriburuak Albisteak Gipuzkoa Eibar EAE Delituak azken ordukoa Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak