Gizartea -
eguraldia
Termometroak 30 ºC-ra iritsiko dira bihar
Oro har, tenperatura maximoak 20-25 ºC-ren bueltan ibiliko dira Euskal Herrian aste guztian zehar. Afrikatik etorritako aire-masa beroak tenperatura nabarmen igoaraziko du. Astebururako, ordea, euria espero da.
eitb media
Bero handia egingo du bihar, asteazkenarekin, Euskal Herri osoan zehar, Euskalmeten iragarpenaren arabera. Afrikatik etorritako aire-masa beroak tenperatura nabarmen igoaraziko du; beroenak 30 ºC ingurukoak edo altuagoak izango dira. Haizeak hego-ekialdetik joko du, zeruan tarteka erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertuko dira, baina ostarte zabalak izango dira. Gauean, baliteke kostaldean haizeak ipar-mendebaldera egitea.
Bilbon eta Guardian, maximoak 32 ºC-koak izatea espero da; Iruñean, Gasteizen eta Baionan, 31 ºC-koak; eta kostaldean izango dira baxuenak, 30 ºC ingurukoak.
Gainerakoan, aste guztian zehar termometroek gorabehera handirik ez izatea aurreikusten da.
Gaur, asteartea, giro eguzkitsua gailenduko da eta tenperaturak gora egingo du. Kostaldean, 20 ºC-ren bueltan ibiliko dira termometroak; barnealdean, aldiz, 25-26 ºC-ren inguruan. Tenperatura minimoak, ordea, jaitsi egingo dira, eta Araban eta Nafarroan hotz egingo du goizaldean. Lehen orduetan, lainoa eta lanbroa agertuko da barnealdeko hainbat txokotan, baina zerua hodei gutxirekin agertuko da gainerako orduetan, goi-hodei batzuekin.
Asteazken gauerako espero den ipar-mendebaldeko haizeak nabarmen jaitsiko du tenperatura, eta ostegunean, beroenak 21-23 ºC inguruan kokatuko dira. Ostiralerako, termometroak apur bat igotzea aurreikusten da, baina, oro har, aste guztiko joera berdina izango dute; 22 ºC kostaldean eta 25 ºC barnealdean.
Asteburura begira, ordea, aldaketa aurreikusten du Euskal Meteorologia Agentziak, eta badirudi euria egingo duela.