Gizartea -
Suizidioak
Bizkaiko suhiltzaileek lau suizidio saiakeratan esku hartu dute asteburu honetan
Erandion eta Barakaldon izan dira saiakera horiek.
EITB Media
Bizkaiko suhiltzaileek lau suizidio saiakeratan esku hartu dute asteburu honetan, eta Erandion eta Barakaldon bere buruaz beste egin nahi zuten lau lagunen heriotza saihestu dute.
Kasurik nabarmenena igande goizean gertatu zen. 08:00ak aldera, pertsona bat Arrontegiko zubira igo zen, eta barandatik bere burua ibai aldera botatzeko mehatxua egin zuen. Bizkaiko suhiltzaile-taldeak eta horren negoziatzaile taldea bertaratu ziren gaztearekin hitz egitera. Geroago, Ertzaintzako Trafikoko agente batek, gaztearekin ondo konektatu zuela ikusirik, hark jarraitu zuen gaztearekin hizketan, eta azkenean, bi orduren ostean, lortu zuten bere saiakeran atzera egitea.
Suhiltzaileek EITB Mediari azaldu diotenez, negoziatzailearen eta gaztearen arteko besarkada batekin amaitu zen esku-hartzea, "oso une hunkigarria". Horrela eskertu diote Twitterren "une oro gaztearekin konektatu zuen" negoziatzaileari.