Gizartea -

Animalien aurkako tratu txarra

Hiru gizon ikertzen ari dira Urdazubin auto baten maletategian bi txakur hiltzen uztea egotzita

Txakurren jabeek eguzkitan eta leihatila guztiak itxita zituen auto baten barruan utzi zituzten, eta bazkaltzera joan ziren. Hiru animalietatik bakarra atera da onik.

Agenteak eta hainbat herritar onik atera zen txakurra suspertu nahian. Argazkia: Guardia Zibila
Agenteak eta hainbat herritar onik atera zen txakurra suspertu nahian.
Agenteak eta hainbat herritar onik atera zen txakurra suspertu nahian. Argazkia: Guardia Zibila

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Guardia Zibila Frantziako hiru herritar ikertzen ari da animalien aurkako tratu txarren ustezko delitua egotzita. Izan ere, hiru txakur auto baten maletategian utzi zituzten hainbat orduz, eta horietako bi hil egin ziren. Hirugarrena onik atera zen, agenteen, albaitarien eta hainbat herritarren esku-hartzeari esker. 

Gertakariak Urdazubin jazo ziren. Hainbat herritarren abisua jasota, Ipar Euskal Herriko mugatik gertu dagoen udalerrira joan ziren Guardia Zibilaren Seprona Natura Babesteko Zerbitzuko agenteak. Bertan, eguzkitan eta leihatila guztiak itxita zituen auto baten barruan, maletategian, zeuden hiru txakur topatu zituzten oso egoera txarrean. 

Animaliak suspertzen saiatzen ari ziren herritarrei laster batu zitzaien zenbait agente eta albaitari bat; azken horrek botika eman zien hiru animaliei. Dena dela, hobera egiten ez zutela ikusita, Irungo (Gipuzkoa) albaitari klinika batera eraman zituzten. Horietako bi, bederatzi hilabeteko artzain-txakur belgikar bat eta urtebeteko beste bat, klinikan zendu ziren. Hirugarrena, bost hilabete eskaseko mastin italiar bat, bere onera etorri zen, eta handik ordu batzuetara eman zioten sendagiria. 

Hori da, hain justu, onik atera den bakarra. Urdazubin dute, Trikuhary abandonatutako animalientzako aterpetxean, herriko alkatearen ardurapean, lege berriaren arabera, hala behar baitu. Epaile batek erabakiko du zer egin. 

Ikerketako arduradunek egiaztatu zutenez, 61, 41 eta 36 urteko hiru gizasemeek maletategi barruan utzi zituzten txakurrak, eta gertu zegoen jatetxe batera joan ziren bazkaltzera. Establezimenduko megafoniatik hainbat aldiz egindako abisuei ez zieten jaramonik egin, gainera. 

Animalien kontrako tratu txarren delituagatik 6-18 hilabeteko kartzela zigorra eta 2-4 urteko gaitasungabetze berezia (animaliekin lotutako ezein lanbide izateko) ezarri ahal dizkiete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Animaliak