Gizartea -
Hezkuntza
Bildarratzek 2023/24 ikasturteko matrikulazioari buruzko argibideak emango ditu gaur Legebiltzarrean
Behin betiko zerrendak argitaratuta daudela emango ditu azalpenak sailburuak, berak eskatuta. Ikasle zaurgarriak sare ezberdinetako ikastetxeen artean banatzeko irizpideak ezarri ditu Hezkuntza Sailak, eta egindako banaketa tarteko, kritiko azaldu dira Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola eta EHIGE.
EITB Media
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak 2023/24 ikasturteko matrikulazioari buruzko argibideak emango ditu gaur, astelehenarekin, Eusko Legebiltzarrean. Datorren ikasturteko matrikulazioa segregazioaren aurkako irizpideak kontuan hartuta atondu du Hezkuntza Sailak, eta kritikak eragin ditu itunpeko sarean zein publikoan.
Agerraldia berak eskatuta egingo du sailburuak, Hezkuntza Batzordean, 13:30ean, behin betiko zerrendak dagoeneko argitaratuta daudenean.
Hezkuntza Sailak eskola segregazioari aurre egiteko neurriak jarri zituen martxan datorren ikasturteari begira. Ikasle zaurgarriak ikastetxe ezberdinen artean modu orekatuagoan banatzea zen prozedura berriaren helburua. Aurrematrikula egiteko epea bukatuta eta behin-behineko zerrendak argitaratuta, hainbat familia lehen aukera gisa hautatutako ikastetxerik gabe geratu ziren, itunpekoen sarean zein sare publikoan.
Ikastolen Elkarteak planto egingo duela iragarri zuen orduan, aurrematrikula guztiei eutsiko ziela azpimarratuta. Joan den astean, jarrera horri eutsiko ziola iragarri zuen: ikasle zaurgarriak banatu ostean, euren zentroetan libre geratu diren plazak bertan izena eman duten familiekin beteko dituela jakinarazi zuen.
Kritika horien aurrean, Bildarratzek zehaztu zuen familien % 93,3k plaza lortu zutela aukeratutako 2 urteko ikasgelan, eta % 2,3ri beste ikastetxe bat esleitu ziela Jaurlaritzak. Gogorarazi zuenez, matrikulazioa Hezkuntza Sailari dagokio, ez ikastetxeei.