Gizartea -
Garraio publikoa
Berrezarri dute Bilboko metroaren zerbitzua Leioa eta Aiboa geltokien artean
Lamiako geltokiaren inguruan egiten ari diren lanetan gertatu den gas-isuri baten ondorioz trenen joan-etorria geldirik egon da ordu eta erdiz.
EITB Media
Bilboko metroaren zerbitzua etenda egon da Leioa eta Aiboa geltokien artean gas-isuri baten ondorioz 14:30etik 16:00ak aldera arte, baina bere onera etorri da.
Lamiako geltokiaren inguruan egiten ari diren lan batzuetan gas hodi bat apurtu da. Eragindako gas-isuriaren ondorioz, ingurua itxi eta trenen joan-etorria gelditu behar izan dute puntu horretan. Lamiako geltokirako pasabideetako bat ere itxita egon da, gas isuria izan den lekutik oso gertu baitago.
Gas zerbitzuko teknikariak eta suhiltzaileak berehala bertaratu dira eta ordu eta inguruan arazoa konpontzea lortu dute.
Beraz, Bilboko metroaren lehen linea normaltasunez dabil.