Gizartea -

Pertsonen salerosketa

Penintsulara bidaiatzeko migratzaileei dokumentazio faltsua saltzen zien talde kriminal bat desegin dute

Guztira, zazpi pertsona atxilotu dituzte. Kanarietara pateratan heldutako migratzaile adingabeen egoera ahulaz baliatuta, dokumentazio faltsua eskaintzen zieten, dirutzaren truke, Espainiako eta Europako hainbat puntura bidaiatu ahal izateko.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egoera administratibo irregularrean zeuden adingabe migratzaileei Kanarietatik penintsulara bidaiatzeko dokumentazio faltsua saltzen zion talde kriminal bat desegin du Guardia Zibilak, "Sortie 23" izeneko operazioaren baitan. Talde horrek lortutako mozkinak 100.000 euro baino gehiagokoak dira.

Guztira, zazpi pertsona atxilotu dituzte: bost Murtzian, bat Valentzian eta beste bat Huelvan. Talde kriminaleko kidea izatea, atzerriko herritarren eskubideen aurkako delitua egitea, dokumentuak faltsutzea eta etxea uztera adingabeak bultzatzera egotzi diete atxilotuei.

Kanarietara pateratan heldutako migratzaileen egoera ahulaz baliatuta, dokumentazio faltsua eskaintzen zieten, diru kopuru handi baten truke, Espainiako eta Europako hainbat puntura, Italiara bereziki, bidaiatu ahal izateko.

Ikertzaileek hiru etxebizitza miatu dituzte, eta dokumentazio eta pasaporte ugari, dirua eta hainbat telefono mugikor, besteak beste, atzeman dituzte.

Magrebetik Kanarietara pateratan heldutako migratzaileak, adingabeak batez ere, hartzen zituen talde kriminalak. Dokumentazio faltsua eta bidaiatzeko azpiegitura guztia prestatzen zituen bitartean, leku batean biltzen zituen migratzaileak. Behin dokumentazioa prest izanda, Kanarietako aireportuetara eramaten zituzten adingabeak, eta gehienetan haiekin bidaiatzen zuten, dokumentazioaren itzulera bermatzeko.  

Talde horrek Marokoko eta Europar Batasuneko beste Estatuetako sare kriminalekin zituen loturak, eta euren zerbitzuak eskaintzen zituen pateran bidaiatzeko Marokotik Kanarietara. Gainera, Espainian dagoeneko zeuden migratzaileen egoera legeztatzeko izapideak ere eskaintzen zituzten, iruzurrezko metodoen bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Kanariak