Gizartea -

Bizkaia

Gizon bat atxilotu dute Trapagaranen, homizidio-saiakera bat egotzita

Erasoa eguerdian gertatu da, aisialdirako lokal baten kanpoaldean. Atxilotuak polizia-aurrekariak ditu, eta zauritua ospitalera eraman dute.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 40 urteko gizon bat atxilotu du larunbat honetan Trapagaranen (Bizkaia), homizidio-saiakera bat egotzita, beste gizon bati labanaz eraso egiteagatik aisialdiko lokal baten kanpoaldean izandako borroka batean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, eguerdiko hamabiak baino minutu batzuk lehenago, Trapagarango industrialde bateko aisialdirako lokal batera joateko abisua eman diote Ertzaintzaren Herritarren Babeserako patruila bati; izan ere, partikular batzuen deiaren arabera, bi pertsona borrokan ari ziren eta baten bat zaurituta egon zitekeen.

Agenteak berehala bertaratu dira eta bi gizonak identifikatu dituzte. Horietako batek labana batek bularraren parean eta hanka batean eragindako ebaki-zauriak zituela egiaztatu ondoren, anbulantzia bat eskatu eta ospitalera eraman dute.

Jarraian, ertzainek erasotzailea atxilotu dute, ustezko homizidio-saiakera bat egotzita, eta ertzain-etxera eraman dute. Atxilotuak polizia-aurrekariak ditu, eta epailearen esku utziko dute Barakaldoko Guardiako Epaitegian, polizia-eginbideak amaitutakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Delituak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Trapagaran Albisteak