Gizartea -
Eraso matxista
Bi pertsona hil dira leherketa batean Orion, eta indarkeria matxista kasu gisa ari dira ikertzen
Emakumezko bat eta gizonezko bat hil dira, Arrantzale kalean. Antza, hildakoetako batek zeraman pakete bat lehertu da. Gizonezkoaren etxea eta autoa miatzen ari dira. Segurtasun Sailak bihar emango du gertakariaren inguruko informazio gehiago.
EITB MEDIA
Bi pertsona hil dira, emakume bat eta bere bikote ohia, gaur arratsaldean Orioko kale erdian izandako leherketa baten ondorioz. EITBk jakin ahal izan duenez, indarkeria matxistarekin zerikusia duen kasu bat izan liteke.
Gertakaria arratsaldeko 17:20an gertatu da, Arrantzale kaleko haurrentzako parke baten kanpoaldean. Inguruan zeuden bizilagunek deitu dute larrialdi zerbitzuetara, eta Ertzaintzako agenteak bertaratu direnean, bi pertsonen gorpuak aurkitu dituzte, jarleku baten ondoan. Zehazki, emakumearen gorpua bankuan zegoen, eta gizonarena, berriz, lurrean etzanda aurkitu dute.
Hasiera batean hildakoetako bat zeraman pakete bat leherketaren eragilea izan zitekeela esan bazen ere, teoria hori erabat baztertu da. Izan ere, segurtasun indarrek su-arma bat aurkitu dute inguruan. Antza, ikerketak zehazten du litekeena dela gizonak eskopeta batekin neskaren aurka tiro egitea, eta, ondoren, haren bizitzari amaiera ematea.
Heriotzak izan diren lekua hesituta dago, eta epaileak gorpuak noiz altxatuko dituen zain daude. Ertzaintzako ikertzailek aztarnak jasotzen ari dira. Hildako gizonezkoaren etxea eta autoa ere miatzen ari dira.
Oraingoz, ez dute kasuari buruzko datu gehiago baieztatu. Segurtasun Sailak bihar emango du gertakariaren inguruko informazio gehiago.
Erreakzioak
Iñigo Urkullu lehendakariak "pena eta tristura" adierazi ditu Orion izandako gertakariengatik, Basaurin egindako hauteskunde-kanpainako ekitaldi batean. "Baieztatu dezakegu bi pertsona hil direla, balizko indarkeria matxista kasu baten ostean", adierazi du lehendakariak.
Elkartasuna adierazi die ere hildakoen senideei eta Orioko herritar guztiei.