Gizartea -
indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, urruntze-agindua zuen bikotekide ohia jazarri ostean
Bikotekide ohiarengana hurbiltzeko debekua zuen arren, kaletik jarraitu eta jazarri ostean, biktimak Udaltzaingoari abisua eman zion Erastop aplikazioaren bidez.
eitb media
Bilboko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du urruntze-agindua zuen bikotekide ohiaren atzetik ibiltzeagatik eta jazartzeagatik, Erastop aplikazioaren bidez alerta mezua jaso ostean. Aipatutako aplikazioaren bidez, indarkeria matxista salatzen duten emakumeak identifika daitezke geolokalizazioaren bidez, eta horrela, berehala jar daiteke martxan Udaltzaingoa.
Gertakariak asteazken arratsaldean jazo ziren, 18:00ak aldera, biktima eta bere seme adingabea kalean zeudela. Emakumeak agenteei adierazi zien bere bikotekide ohia atzetik ibili zitzaiela eta jazarri egin zituela, emakumearen kontrako irainak eta mehatxuak botaz.
Behin biktimak aplikazioaren bitartez abisua emanda, patruila batek Zabalburu plazaren inguruan aurkitu zituen ama-semeak, eta gainerako patruilei gertatutakoaren berri eman zien ustezko erasotzailea lokalizatzeko.
Azkenik, gizona Hurtado Ametzaga kalean aurkitu eta atxilotu zuten, urruntze-agindua hautsi izana egotzita.
Bilboko Udaltzaingoak nabarmendu du Erastop mugikorrerako aplikazioa doakoa dela eta eraso matxistak salatzen dituzten emakumeei laguntzeko sortu zutela.