Gizartea -

Emakumeen kontrako biolentzia

Bi atxilotu Busturia eta Bilbon ustezko sexu erasoengatik

Ustez, Bilbon atxilotutako gazteak bere biktima ohe gainera bota zuen harreman sexualak izateko intentzioarekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 21 urteko eta 20 urteko bi gazte atxilotu zituen atzo, 21 urtekoa emakume bat bortxatzen saiatzen zen bitartean 20 urtekoa emakume berberaren mugikorra lapurtu zuelako, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldu duenez.

Atzo goizean, emakumeak bi gazteak ezagutu eta "lagun arteko harreman bat" hasi zuten, eta handik denbora gutxira emakumeak bi gazteen etxera joateko egindako gonbita onartu zuen. Etxe barruan zeudela, gizonetako bat emakumea ohe gainera bota eta harreman sexualak izaten saiatu zen, baina emakumeak aurre egin zion. Hori gertatzen zen aldi berean, beste gizonak telefono mugikorra lapurtu zion.

Emakumeak salaketa jarri zuen, Ertzaintzan, eta, gazteen etxebizitzara joan ostean, agenteek biak atxilotu zituzten, bata eraso sexualekin lotutako delitu bategatik eta bestea biolentziaz lapurreta egiteagatik

Beste atxiloketa bat Busturian

Gertakari horrez gain, 34 urteko gizon bat atxilotu zuten Busturian emakume bati eginiko ustezko eraso sexual bategatik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera.

Gertakaria larunbat goizaldean gertatu zen, Busturiko San Kristobal jaiez gozatzen ari zen emakume batek atxilotutako gizona bere etxera laguntzea erabaki zuenean.

Orduan, gizonak sexu erasoa egin zion emakumeari, eta horrek Ertzaintzari jakinarazi zion gertatutakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea