Gizartea -
IZENBURU NAGUSIAK
Albiste izango dira: Hondamendi eremua Nafarroan, EHUko udako ikastaroak eta Euskal Eskola Publikoaren jaia
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, maiatzak 24, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Hondamendi eremua Nafarroan: Euriteek Bortzirietan (Beran eta Lesakan) eta Urumealdean (Aranon) eragindako kalteak ikusita, ingurua hondamendi eremu izendatzeko eskatuko diote Espainiako Gobernuari kaltetutako udalerriek eta Nafarroako Gobernuak. Foru Gobernuak asteko bilera du gaur, eta bertan hitzartuko du eskaria, baita udalerriei dirulaguntzak bideratzeko aukera ere.
- EHUko udako ikastaroak: Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroak Fundazioak uda sasoirako programazioaren 42. edizioa aurkeztuko du. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua izango da agerraldian.
- Euskal Eskola Publikoaren jaia: Mungiak (Bizkaia) ekainaren 4an hartuko du Euskal Eskola Publikoaren jaia. 30. urte beteko ditu aurten, eta "Jagon Eskola Publikoa" lelopean egingo dute. Hitzordurako prestatu duten egitaraua gaur xehetuko dute EHIGEk eta Mungialdeko ikastetxe publikoek.