Gizartea -
lan-esplotazioa
Bi pertsona atxilotu dituzte Bilbon lan-esplotazioa egotzita
Poliziaren arabera, 200 euro ordaintzen zizkieten sei langileri 9 orduko lanaldiak egiteagatik. Asteko egun guztietan egiten zuten lan beharginek, igandeak barne, Ametzola auzoko industria-nabe batean.
EITB MEDIA
Poliziak bi pertsona atxilotu ditu Bilbon, ustez egoera irregularrean zeuden sei behargin esplotatzeagatik. Marokoar jatorriko bikotea da atxilotutakoa, eta ehungintzako negozio bat zuten Bilboko Ametzola auzoko industrialde batean. Antza, sei langileri 200 euro ordaintzen zizkieten 9 orduko lanaldiak egiteagatik, asteko egun guztietan, igandeak barne.
Langileen arabera, kexatu edo baldintza horietan lan egiteari uko egiten bazioten, Poliziaren aurrean egoera irregularrean zeudela salatzeko mehatxua egiten zieten. Era berean, adierazi dutenez, lokala beti barrutik itxita izaten zuten, poliziaren edozein ikuskapen saihesteko.
Bi enpresaburuek, delitu horiengatik izan ditzaketen zigorrez gain, 3.000 euroko administrazio-zehapenak izango dituzte Gizarte Segurantzan alta eman ez duten langile bakoitzeko, eta 10.000 eurokoa langile irregular eta lan-baimenik gabeko langile bakoitzeko.