Gizartea -

Indarkeria matxista

Mobilizazioak deitu dituzte gaurko Gasteizen, atzo gertatutako hilketa matxista gaitzesteko

12:00etan elkarretaratzea egin dute udaletxe parean. Arratsalderako, protesta deitu du Gasteizko Mugimendu Feministak. Atxilotua aurki eramango dute polizia etxera.

Gaitzespen elkarretaratzea, Gasteizko udaletxe parean. Argazkia: EITB Media
Gaitzespen elkarretaratzea, Gasteizko udaletxe parean. Argazkia: EITB Media
Gasteizko Udalak elkarretaratzea egin du hilketa matxista gaitzesteko

0:20

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Indarkeria Matxistaren aurrean Jendaurreko Erantzuna emateko Protokoloa aktibatu du Udaleko bozeramaile batzordearen bileran, atzo Arabako hiriburuan gertatutako hilketa matxistari erantzuna emate aldera. Ikerketak aurrera egin duen heinean, eta hilketa matxista izan dela jakin berritan, 12:00etan hasi den elkarretaratzea deitu du udaletxe aurrean, hilketa irmoki gaitzesteko.

Era berean, Arabako hiriburuko Udalak Mugimendu Feministak deitutako gaitzespen ekitaldiekin bat egiteko asmoa agertu du, eta herritar guztiak gonbidatu ditu ekitaldiotan parte hartzera.

Gasteizko Mugimendu Feministak, sare sozialen bidez, aurreratu du mobilizazioa egingo duela Andre Maria Zuriaren plazan, 19:00etatik aurrera.

Ustezko hiltzailea atxilotu dute

Guardia Zibilak Zaragozan atxilotu du bart 32 urteko emakumearen ustezko hiltzailea. Urruntze agindua zeukan 34 urteko gizonezkoak. Esan bezala, hilketa matxista izan dela baieztatu du Ertzaintzak.

Eraildako emakume haurdunarekin batera bere hiru urteko alaba aurkitu zuten, onik.

Ertzaintzaren arabera, arratsaldeko lehen orduan jaso zuten hilketaren berri. Hain zuzen ere, orduan topatu zuten emakumearen hilotza, kriminalitate zantzuekin, Gasteiz etorbideko 45. zenbakian dagoen Libere apartahotelean. 

Ikerketak zabalik jarraitzen du.

Zaragozako Guardia Zibilaren zaintzapean da oraindik ere ustezko hiltzailea, nahiz eta espero den aurki Gasteizera eramatea, eta Ertzaintzaren esku uztea. Izan ere, Ertzaintza ari da hilketa ikertzen, Gasteizko epaitegi baten agindupean.

Emakundek hilketa gaitzesteko deia egin du

Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, gaur eguerdian Gasteizko udaletxearen aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartuko du, hilketa irmo gaitzesteko, eta biktimaren familiari eta gertuko inguruari babesa adierazteko. Emakundek abian jarri du kasu horietan aktibatzen den protokoloa, eta atzotik koordinazio estuan dago inplikatutako gainerako erakundeekin. Bestalde, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politketarako sailburuak Arabako Mugimendu Feministak gaur arratsalderako deitutako mobilizazioan hartuko du parte.

Emakundek adierazi du emakumeen aurkako indarkeria dela emakumeen eta gizonen berdintasun ezaren adierazpenik latz eta gogorrena, eta botere harremanetan oinarritzen dela. Halaber, gogorarazi du berdintasunaren alde lan egitea dela indarkeria matxista prebenitzeko biderik eraginkorrena.

EUDELek gaitzespena agertu du

Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) ere "gaitzespenik irmoena" azaldu nahi izan du erailketaren aurrean, eta "elkartasuna" adierazi die biktimaren senideei eta hurbilekoei. "Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan berdintasuna eraginkor egiteko", gaineratu du.

Era berean, iragarri du bat egingo duela astelehen honetan Gasteizko Udalak deitutako elkarretaratzearekin zein antola litezkeen gaitzespen ekimen guztiekin.

Clara Campoamor elkartea auzian agertu da

Clara Campoamor elkarteak, bere aldetik, gaitzetsi egin du feminizidioa, eta iragarri du dagoeneko agertu dela prozedura judizialean, biktimaren familiaren esanetara jartzeaz gain.

Elkarteak Euskadin duen ordezkari eta abokatu Jose Miguel Fernandezek adierazi duenez, "igande honetako feminizidioa bezalako zoritxarreko gertakariek indarkeria matxistaren icebergaren puntarik larriena erakusten digute, benetako gaitza izaten jarraitzen baitu eta guardia ez jaistera behartzen baikaitu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Gorka Urtaran Emakunde bideoak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa EUDEL albisteak