Gizartea -
Gipuzkoako Auzitegia
2 urte eta 9 hilabeteko espetxe-zigorra, Donostian 13 urteko ilobari hiru sexu-eraso egiteagatik
Gizonak gertatutakoa aitortu egin du epaiketan, eta horregatik Fiskaltzak eta akusazio partikularrak onartu egin dute hasierako 13 urteko kartzela-zigor eskaera murriztea.
Agentziak | EITB Media
Gizon bati bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote gaur, Donostiako etxebizitza batean ilobari hiru sexu-eraso egiteagatik.
Auziko iturriek jakitera eman dutenez, erruztatuak aitortu egin du gaur Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Sekzioan izandako epaiketan gertatutakoa, eta, beraz, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak onartu egin dute hasierako zigor eskaerak (13 urteko kartzela-zigorra) murriztea.
Espetxe-zigor horretaz gain, zigortua ezin izango da biktimarengana hurbildu edo harekin komunikatu zazpi urtez, 6.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, eta zazpi urte eta bederatzi hilabetez zaintzapeko askatasun-egoeran egon beharko du espetxetik atera ondoren.
Gertakariak 2020ko ekaina eta iraila bitartean jazo ziren, fiskalaren akusazio-idazkiak jasotzen duenez. Gizona biktimarekin eta hainbat heldurekin bizi izan zen Gipuzkoako hiriburuko etxebizitza batean.
Testuak zehazten duenez, auzipetuak "baimenik gabeko sexu-erasoak" egin zizkion bere ilobari, "adin txikikoa zela eta ahaidetasun-harremana zuela aprobetxatuz".