Gizartea -
Grand Départ Pays Basque 2023
Publiko guztiei zuzenduriko ekitaldi andana antolatu dute Euskal Herrian Frantziako Tourra iritsi bezperetan
Gaur aurkeztu dute Frantziako Tourraren irteera handirako programazioa. Lasterketan parte hartuko duten taldeen aurkezpen ofiziala eta Fan Park zaleentzako gunearen irekiera ekainaren 29an, ostegunean, egingo dira.
EITB MEDIA
Ekitaldi ugari antolatu dituzte datorren asteetarako Euskal Herriko hainbat txokotan, Frantziako Tourraren atarian. Taldeen aurkezpenak, Fan Park zaleentzako guneak eta Bilboko Bizitour jaiak, besteak beste, herritarrak Tourraren giroan murgilduko ditu lasterketa handia abiatu aurreko egunetan.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaileak astelehen honetan aurkeztu ditu Frantziako Tourraren atarian Euskal Herrian antolatu diren jarduerak.
Frantziako Tourreko taldeen aurkezpen ofiziala ekainaren 29an egingo da, Abandoibarra etorbidean, Euskalduna Jauregiaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren artean, eta EITBk zuzenean eskainiko du. Ekitaldia 18:30etik 20:00etara izango bada ere, aurretik, 17:00etatik aurrera, hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango da.
Frantziako Tourrean parte hartu duten euskal txirrindulariak omentzeaz gain, arratsalde osoan zehar giro ona eta musika izango dira nagusi Hortzmuga, Demode Quartet, ETS & Süne, Oreka TX, Kukai eta Neomak taldeen emanaldiekin, besteak beste. Ikusleak 16:00etatik aurrera sartu ahal izango dira eremura, doan.
Aurkezpenaren egunean bertan, goizean, Tourreko Fan Park zaleentzako gunea inauguratuko da Areatzako parkearen inguruan. Gune irekia izango da, doakoa, eta, oro har, txirrindularitza-giroan eta, bereziki, Tourrean murgiltzeko esperientziaz gozatu ahal izango da.
Horrez gain, ekainaren 25ean, 12:00etan, Bilboko Areatzan hasita, Tourra iritsi aurreko astea Bizitour jaiarekin hasiko da, Euskadi Txirrindularitza Fundazioak antolatuta, bizikleta familian eta lagunekin bizitzeko jardunaldi ludiko eta jai girokoarekin.
Grand Départ Pays Basqueko ekitaldien egitarau anitzaren barruan, ekainaren 28an eta 29an, txirrindularitza alorreko adituek eta zientzialariek munduko txirrindularitza proba handienaren atarian egin ohi den 'Science & Cycling' mintzaldian azken ikerketa eta esperientzien berri emango dute Bizkaia Aretoan.
Bilbon ez ezik, Donostian ere hainbat jardueraz gozatu ahal izango da datozen egunetan. Hala, San Telmo Museoak, adibidez, "Bizikleta. 150 urte" erakusketa hartuko du ekainaren 26tik abuztuaren 6ra, eta kirolaren diplomaziaren esparrua gizarteratzea helburu duen "Kirol-diplomaziaren erronkak eta aukerak XXI. mendean" izeneko udako ikastaroa egingo da Miramar Jauregian ekainaren 28an eta 29an.
Gasteizen, berriz, ekainaren 24an, Gasteizko Proba Zikloturista egingo dute, eta ekainaran 30erako, Bicycle Summit Euskadi 2023 programa antolatu dute Vital Fundazioa Kulturunean, mugikortasun jasangarria, bizitza osasungarria eta turismoa ardatz harturik.
Horrez gain, tropela Arabako hiriburura iritsi baino egun bat lehenago, uztailaren 1ean, Andre Maria Zuriaren plazan, ekintza solidario bat egingo da CaMinus elkartearen alde. Gasteiz eta Donostia lotuko dituen 209 kilometroko etapako tarte bat simulatuko dute, modu birtualean, pantaila erraldoi bati eta 'smart' bizikleten teknologiari esker.
Zornotzan, ekainean zehar eta uztaileko lehen egunetan, 'Grande Boucle' Euskadira iristearekin batera, zaleek "Le Tour de France en Euskadi" erakusketaz gozatu ahal izan dute.