Gizartea -
Istripua Nafarroan
62 urteko gipuzkoar bat larri zauritu da Andosillan, furgoneta batek eta kamioi batek talka eginda
Suhiltzaileek atera behar izan dute zauritua autotik, eta ondoren helikopteroz eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera. Kamioilaria onik atera da, eta negatibo eman du alkohol eta droga proban.
Agentziak | EITB Media
62 urteko gidari bat larri zauritu da NA-122 errepidean, Andosillan, furgoneta batek eta kamioi batek izandako istripuan.
Zauritua, furgoneta gidatzen zuen gipuzkoarra, suhiltzaileek atera behar izan dute ibilgailutik, eta ondoren helikopteroz eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, Guardia Zibilak jakitera eman duenez.
Istripua 12:00etan gertatu da, kamioi batek eta furgoneta batek aurrez aurre talka egin dutenean. Iturri horren arabera, kamioilaria onik atera da, eta alkohol eta droga proban negatibo eman du.
Lodosako suhiltzaileek esku hartu behar izan dute beste gidaria ateratzeko, talkaren ondorioz furgonetan harrapatuta geratu baita. Gainera, osasun-langileak, foruzainak eta helikoptero bat bertaratu dira.