Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Gaur arratsalde-gau partean ekaitzak eta zaparrada gogorrak espero dira berriro
Bitartean, Zumaian (Gipuzkoa) atzo goizeko harri-jasak eragin zituen kalteak zenbatzen jarraitzen dute; izan ere, autoen beirak, eraikinetako erretenak, teilatuak eta argizuloak zulatu zituen.
Agentziak | EITB Media
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez, asteazken goizean zaparrada txikiak botako ditu isurialde atlantikoan; arratsalde-gau partean, berriz, trumoi-ekaitzak eta zaparrada handiak.
Horrela, gaur Euskal Herrian eguraldi goibela izango da, hodei baxu ugarirekin, eta tenperatura maximoak 24 gradutik beherakoak izango dira.
Egunaren lehen partean, zaparrada batzuk botako ditu han-hemenka, batez ere isurialde atlantikoan. Bigarren zatian, berriz, zaparrada trumoitsuak botako ditu berriro, eta mardulak izan daitezke.
Iparraldeko haizea nagusituko da, baina hegoaldean ekialdetik joko du tarteka. Tenperaturari dagokionez, maximoak gradu pare bat jaits daitezke, 24 gradu gainditu gabe, eta minimoak, berriz, 14 eta 18 gradu artekoak izango dira.
Bitartean, Zumaian atzo goizeko harri-jasak eragin zituen kalteak zenbatzen jarraitzen dute; izan ere, autoen beirak, eraikinetako erretenak, teilatuak eta argizuloak zulatu zituen. Gainera, pertsona batzuk osasun-zentroan artatu behar izan zituzten, buruan, lepoan edo gorputz-adarretan zauriak eta kolpeak zituztelako.
Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak EITBri egindako adierazpenetan baieztatu zuen harri-jasak kalteak eragin zituela teilatuetan eta autoetan, eta adierazi zuen jabeek orain euren aseguruekin egin beharko dutela ebaluazioa.
Ildo horretan, Udalak kalteak ebaluatuko dituela eta hondamendi eremu izenda dezaten egin beharreko urratsak aztertzen ari dela adierazi zuen.
Bestalde, Zumaiako udal talde sozialistako bozeramaile Duñike Agirrezabalaga alkatearen esanetara jarri zen. Ostolazarekin telefonoz hitz egin zuen astearteko "ekaitzak eragindako hondamendien balantzea bertatik bertara ezagutzeko", eta Zumaiako sozialisten "elkartasuna" helarazi zion, "udalerriak larrialdia deklaratzeko hartzen dituen erabakietan lagundu baitezake", eta horrek "aseguruen aurrean pertsonei estaldura eman diezaieke".
Ipar Euskal Herrian, txingorra egin zuen atzo arratsaldean Itsasu, Ezpeleta, Kanbo eta Hazparne udalerrietan, bertako hedabideek jakinarazi dutenez. Harri-jasak kalteak egin zituen udalerri horietako eremu batzuetan ere.