Gizartea -
Indarkeria matxista
Sexu abusuen bi kasutik bat familia ingurunean gertatzen da, gehienak neska edo emakume nerabeei
Indarkeria jasaten duten haur eta nerabeen inguruko ikastaroari hasiera eman diote Donostian, EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak antolatuta.
EITB Media
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Kontaidazu zer gertatu zen: Indarkeria jasaten duten haur eta nerabeak elkarrizketatzen ikastaroa inauguratu du Donostian, EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak antolatuta.
Melgosak bere jardunean adierazi duenez, "sexu abusuen bi kasutik bat familia ingurunean gertatzen da", eta kasu horien % 81 "neska edo emakume nerabeei dagozkie, gehienak 14 eta 17 urte bitartekoak".
Ertzaintzaren datuen arabera, 2020an 1.459 adingabe izan ziren delitu baten biktima, tratu txarrak edo familia barruko indarkeria nagusiki (657 adingabe).
"Euskadik kohesio sozial, elkartasun eta giza eskubideen defentsa maila handia du. Baina, aldi berean, haur eta nerabe batzuek indarkeria oso larriak jasaten dituzte egunero", sailburuaren esanetan.
Horren iritziz, "itxura guztien arabera, izebergaren punta da". "Tratu txarren eta abusuen kopuru beltz bat dago, salatzen ez dena beldurragatik, nahasmendu disoziatiboak daudelako, haurrak egin diotena ulertzeko edo adierazteko elementurik ez duelako, edo errua botako dioten edo sinetsiko ez dioten beldur delako", esan du.
Gainera, gero eta sexu indarkeria kasu gehiago salatzen dira: 159 kasu 2020an, eta 128 kasu 2016an. "Salaketa dagoenean, prozesu judizial gogor bat hasten da biktimentzat, haurrentzat egokituta ez dagoen ingurune batean", gaineratu du sailburuak.