Gizartea -

Gertakariak

Epaileak espetxera bidali du Iruñean pertsona bati hiru labankada emateaz akusatutako gaztea

Homizidio saiakera delitua eta armaz egindako lesio delitua egotzi dizkiote.

Iruñeko Udaltzaingoa. Artxibo irudiak.
Iruñeko Udaltzaingoa. Artxibo irudiak.
Iruñeko Udaltzaingoa. Artxibo irudiak.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

22 urteko gazte bat espetxera bidali du epaileak, 24 urteko beste bati ostegun goizaldean Iruñeko Yanguas y Miranda kalean hiru labankada ematea leporatuta. Zauritua Nafarroako Unibertsitate Ospitalean dago ordutik hiruburuko Udaltzaingoak jakinarazi duenez.

Bi delitu egozteko nahikoa zantzu daudela azaltzen du espetxeratze aginduak: homizidio-saiakera delitua eta gailu arriskutsu batekin egindako lesioen delitu arina.

Espetxeratze aginduaren arabera, gertakaria ostegun goizaldean jazo zen. Atxilotua bi lagunekin gurutzatu zen kalean eta haietako bati soinean zeraman txapela kendu zion. Horrek aurre egin zionean, erasotzaileak labana atera zuen eta sabelaldean ebakia egin zion. Lagunak zauritua defendatu nahi izan zuen, borrokan hasi zen erasotzailearekin eta lurrean bukatu zuten. Une horretan, atxilotuak hiru aldiz sastakatu zuen biktima, bitan eskuin aldeko hegalean eta beste behin ezkerreko sorbaldan.

Medikuntza Legaleko Nafarroako Institutuak azaldu duenez, zaurietako bat bihotzaren aurreko eremuan dago, bigarrena eskuin aldeko hemotoraxean eta hirugarrena ezkerreko sorbaldaren kanpoko aldean. Kirurgia tratamendua behar izan zuten. Gorputzeko eremu horietan bizitzeko beharrezkoak diren organoak (eskuineko birikia, gibela eta bihotza) daudela zehaztu du.

Horren ondorioz, aginduak dio "gorputz eremuak eta erabilitako modua kontuan hartuta", ez dagoela zalantzarik, "delitua homizidio-saiakera gisa jotzeko hasiera batean".

Beraz, epaileak atxilotua fidantzarik gabe espetxean sartzeko agindua eman du. Lurraldean errorik ez duela eta ihes egiteko arriskua dagoela zehaztu du. Hain zuzen ere, egoera irregularrean dagoela eta 2022ko urriaren 3tik kanporatzeko agindua emanda zegoela ere jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Nafarroa gaur Delituak azken ordukoa Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea