Gizartea -
Grand Depart 2023
Milaka zalek gozatuko dute gaur San Mamesetik abiatuko den Tourreko lehen etapan
San Mames ingurutik (Felipe Serrate kalea) 12:30erako irtetea aurreikusita dagoen arren, publizitate-karabana bi ordu lehenago jarriko da martxan, eta modu berean zeharkatuko du hiriaren erdigunea.
EITB Media
Milaka txirrindularik izango dute gaur Frantziako Tourraren lehen etaparekin gozatzeko aukera. 182 kilometro izango ditu, eta Bilbon hasi (San Mames) eta bukatuko (Etxebarria parkea) da.
Horrela, eta San Mames ingurutik (Felipe Serrate kalea) 12:30erako irtetea aurreikusita dagoen arren, publizitate-karabana bi ordu lehenago jarriko da martxan, eta modu berean zeharkatuko du hiriaren erdigunea.
Bilbon dagoen helmugan ere 17:15 aldera amaituko da, Etxebarria parkean, eta txirrindulariak Zumalakarregi etorbidetik igaro ondoren iritsiko dira.
Ertzaintzaren 54 motorzalek, Garde Republicaine de Franceko motorzaleekin koordinatuta, txirrindulariei laguntzeko lanak egingo dituzte aurreneko hiru etapetan, eta 1.500 eta 1.700 ertzain bitartean egunero parte hartuko dute segurtasun dispositiboan.
Bitartean, Frantziako Tourrak Euskal Herriko mugikortasunean izango duen eragin nabarmenena igartzen hasi da jadanik, lehen etapako irteera (San Mames) eta helmuga (Zumalakarregi etorbidea) behar bezala prestatzeko beharra dela eta.
Irteera neutralizaturako eta helmugarako segurtasun-hesia gauean jarriko dute, 00:00etatik 06:00etara gutxi gorabehera; beraz, bi ibilbideetako kaleek zirkulazio-murrizketak izango dituzte denbora horretan. Halaber, trafiko-mozketa handiak gauerditik aurrera iritsiko dira, eta 06:30etik aurrera zirkulazioa etengo da San Mameseko tuneletatik hasita.
Egun zailena, baina, uztailaren 1a izango da, orduan ekingo baitio lasterketak Bilbotik. Egun horretan, Bilbo guztiz isolaturik geratuko da; izan ere, 09:00etarako moztuko dute lasterketaren ibilbide osoa. Hala, errepide nagusiak ibilgailuentzat egongo dira itxita, larrialdietako zerbitzuentzat izan ezik.
Bilborako San Mameseko sarbidea itxita egongo da 06:30etik 14:00etara. Artxandako tunelak, Txorierritik hasita, itxita egongo dira 06:30etik 18:30era Ugaskorako bidean (Deusturako noranzkoan); Begoñatik, berriz, 24 ordu iraungo du mozketak (ekainaren 30eko 22:00etatik uztailaren 1eko 22:00etara). Eta tuneletatik Salberaino (Errekalde zumarkalerako noranzkoa), mozketa 08:30etk 14:00etara egingo dute. Enekuriko sarbideak arian-arian itxiko dituzte 08:00etatik aurrera, eta 18:15 aldera berreskuratuko da normaltasuna.
Udalaren aurreikuspenen arabera, zirkulazioa uztailaren 1eko 21:00ak edo 21:30 aldera irekiko da berriro.