Gizartea -
Frantziako Tourra Euskadin
Tourrak milioi bat pertsona inguru bildu ditu Euskal Herrian eta irudi eta bizipen ahaztezinak utzi ditu
Txirrindularitza gurtzen duen herri gorri, zuri eta berde baten adierazpena izan da Frantziako Tourrak Euskal Herrian utzi duen irudi nagusia. Lehen kalkuluen arabera, hiru etapetan 840.000 pertsona inguru elkartu ditu Euskal Herriko txoko ezberdinetan.
EITB MEDIA
Euskal errepideak atzean utzi ondotik, Parisera bidean da Frantziako Tourra, baina Euskal Herriak oraindik ondo gogoan du laskertak utzitako irudi ahaztezinak eta emandako une gogoangarriak.
Eusko Jaurlaritzak ohar batean adierazi duenez, lehen kalkuluen arabera, 840.000 pertsona inguru irten dira kalera Tourrak iraun duen bitartean lasterketa zuzenean ikustera uztailaren 1ean, 2an eta 3an. Euskal herritarrak, beraz, espero moduan, erabat murgildu dira mundu mailako kirol-ekitaldi honetan.
Lehendabiziko etapak, Bilbon hasi eta amaitu zenak, 364.000 pertsona inguru bildu zituen. 294.000 bat izan ziren Gasteiz eta Donostia lotzen zituen etapa ikusten eta azkeneko etapan, berriz, Amorebieta-Etxano eta Baiona artekoan, 179.000 lagun egon ziren.
Horrez gain, beste hainbat ekitaldik utzitako zenbakiak ere gehitu behar dira, hala nola, ekainaren 29an taldeen aurkezpen ofizialean bildutako ia 30.000 pertsona eta ekainaren 29tik uztailaren 1era Bilboko Areatzan kokatutako Fan Park bisitatu zuten 106.300 lagun.
Azpimarratzekoa Fan Park horrek marka guztiak hautsi zituela, 2019an Bruselako 78.000tik gorako lagunak aise gaindituz. Fan Parka 16.100 pertsonak bisitatu zuten inaugurazio egunean, 46.900k bigarrenean eta 43.300ek azken egunean.
Euskal herritarrek, beste behin ere, txirrindularitza tradizio sendoa erakutsi dute, eta beti eramango dute oroimenean Euskadiko Grand Departak utzitako irudi eta une ahaztezinak.