Gizartea -

Eguraldia

Tenperaturek gora egingo dute eta Nafarroa abisu horian sartu da

Hego Euskal Herrian 35 graduren bueltan ibiliko dira termometroak gaur. AEMETek, estatuko meteorologia agentziak, abisu horia jarri du Nafarroa ia osoan. Pirinioak eta Kantauri isurialdea dira salbuespenak.

Tutera. Argazkia: Rikardo Agirregomezkorta.
Tutera. Argazkia: Rikardo Agirregomezkorta.
Tutera. Argazkia: Rikardo Agirregomezkorta.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bero olatua iritsi zaigu Iberiar Penintsularen hegoaldetik eta tenperaturek gora egingo dute gaur Euskal Herrian. Termometroak 35 graduren bueltan ibiliko dira lurraldearen hegoaldean. AEMETek, estatuko meteorologia agentziak, abisu horia ezarri du ia Nafarroa osorako. Salbuespen bakarrak Pirinioak eta Kanturi isurialdea dira.

Hain zuzen ere, AEMETen iragarpenaren arabera, Iruñean gaur tenperatura baxuena 16 gradukoa izango da eta altuena, berriz, 37 gradura iritsiko da. Tuteran termometroak 19 eta 37 graduren artean mugituko direla espero da. Lizarran baxuena 16koa izango da eta altuena 36 graduren bueltan ibiliko da. Izaban ere bero egingo du; 14 eta 34 gradu arteko tenperaturak izango dira.

Bere aldetik Euskalmetek, euskal meteorologia agentziak, egin duen iragarpenari begiratuz, Araban eta Gipuzkoa eta Bizkaiaren barneko bailaretan ere bero handia egingo du. Hala, Guardian tenperatura 35 ºC-tara iritsiko dela espero da. Gasteizen 33 ºC-ren bueltan ibiliko da eta Arrasaten 31 gradu harrapatuko ditu.

Kostaldean tenperatura ez da hain altua izango baina han ere bero egingo du. Bilbon 29ra eta Donostian 27ra iristea espero da.

Horrez gainera, eguraldiaren iragarpenaren arabera, goizeko hodeiak desagertu egingo dira eta egun eguzkitsua izango da gaurkoa.

Bihar, Nafarroa erdi eta hegoaldean are bero handiagoa egingo duela espero da. Erriberan tenperaturak 40 gradura iritsiko direla aurreikusi da eta alerta laranja ezarriko da. Hala ere, arratsaldean ipar-haizea, ziertzoa, sartuko dela espero da eta horrek egoera arinduko du.

Nafarroako iparraldean eta gainerako lurraldeetan biharko eguna freskoagoa izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Alerta meteorologikoak albisteak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bero-boladak