Gizartea -

2023KO BAIONAKO BESTAK

Egitarau zabala prestatu dute 2023ko Baionako bestetarako

Segurtasun dispositiboak inoiz baino lehentasun handiagoa izango du aurten; izan ere, aurrekontuaren hiru laurdena honetara bideratu dute.

2022ko Baionako bestak. Argazkia: Koldo del Hornok EITBri utzitako irudia.
2022ko Baionako bestak. Argazkia: Koldo del Hornok EITBri utzitako irudia.
2022ko Baionako bestak. Argazkia: Koldo del Hornok EITBri utzitako irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uztailaren 26tik 30era bitartean ospatuko dira Baionako bestak, eta dagoeneko aurkeztu dute egitaraua. 3.000 euroko aurrekontuarekin musikak protagonismo berezia izango du, eta, aurten, bisitarien sarrera 2 euro garestitu dute; 12 euro ordaindu beharko dira azken hiru egunetan, ostiralean, larunbatean eta igandean besta gunera sartzeko.

Ohiko jarduerak izango dira aurten ere; irekiera eguna, haurrena, elkarteena, tradizioena eta Iruñearen eguna, baina musikak hartuko du protagonismo berezia; izan ere, 1.000tik gora musikarik eta 70 musika taldek –fanfarreak, batik bat– alaituko dituzte oholtzak eta karrikak jaiek irauten duten bost egunetan.

Gainera, aurten, beste eremu batera zabalduko da besta, auzoen eta elkarteen laguntzaz. Hala, musika entzuteko eta jai giroaz gozatzeko gunea sortuko dute kanpoaldean, Mousserolles auzoan. Egitarauan ez dira falta, ohi bezala, euskalzaleen txokoa, Karrikaldia, bigantxak, besta zaleen lasterketa, ziganteen konpartsa, trinketeko pilota lehia edo goizetako yoga saioak.

Baionako auzapezak, Jean Rene Etchegarayk adierazi du isunak izango direla musika ozenegi ipintzen duten tabernentzat eta argitu du "segurtasuna, prebentzioa, garbiketa eta sorospen zerbitzuak" atalera bideratu dutela Baionako bestek aurten izango duten aurrekontuaren hiru laurdena.

Segurtasunaren kostuari erantzuteko, are gehiago inflazioaren testuinguruan, ezinbestekotzat jo du udal agintariak aurten 10 eurotik 12 eurora handitzea bestetako sarrera. Baionako herritarrek salbu, 16 urtetik gora duten herritarrek eskumuturra erosi behar dute ostiral eta igande bitartean hesiturik egongo den besta eremuan sartzeko.

Gainera, eraso sexistak edota homofoboak saihesteko talde feministekin eta peñen elkartearekin protokoloa landu dutela eta arreta berezia jarriko dutela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea argazkiak Baionako argazkiak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak