Gizartea -
Eguraldia
Tenperatura 35 gradu inguruan ibiliko da
Ostegunean tenperatura jaitsi, eta hodeiak ugaritu egingo dira. Fronte bat iritsiko da, eta nahiz eta indar gehiegirik gabe iritsi, hodei dezente ekarriko du.
Erredakzioa
Eguraldiaren aurreikuspenari kasu egiten badiogu, asteazkenean giro eguzkitsuarekin jarraituko dugu. Goizean apenas nabarituko dugun aldaketarik: oskarbi egongo da, eta tenperaturan ere ez da aldaketarik izango.
Eguerditik aurrera, ordea, haizea ipar-mendebaldetik finkatuko da, beraz arratsaldeak aurrera egin ahala oso litekeena da kostaldean aldaketak izatea; tenperatura pixka bat jaitsi egingo da, eta gandua edo hodei baxuak sortu litezke.
Barnealdean zerua nahiko garbi egongo da arratsaldean ere, nahiz eta bero-hodei batzuk sortu, eta tenperatura 35 ºC-ren bueltan ibiliko da.
Bihar, aldaketa
Ostegunean tenperatura jaitsi, eta hodeiak ugaritu egingo dira. Fronte bat iritsiko da, eta nahiz eta indar gehiegirik gabe iritsi, hodei dezente ekarriko du.
Zerua ez da erabat garbi egongo, eta iparraldeko haizeak bultzatuta hodeiguneak etengabe sartuko dira itsasaldetik barnealdera, batez ere ipar isurialdera; hala eta guztiz, eguzki tarte ederrez gozatzeko aukera izango da.
Tenperatura maximoak dezente jaitsiko dira: kostaldean 22-23 ºC ingurura, eta barnealdean 25-26 ºC ingurura, baina hala ere balio atseginak izaten jarraituko dute.