Gizartea -
U23
Eguraldi egonkorra eta prezipitaziorik ez, hauteskunde-egunean
Kantauri isurialdean behe-hodeiak eta aldi eguzkitsuagoak tartekatuko dira. Isurialde mediterraneoan lanbroa edo lainoa sor liteke egunsentian, baina gainerako orduetan giro eguzkitsua nagusituko da.
Agentziak | EITB Media
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iganderako (uztailak 23) eguraldi egonkorra eta prezipitaziorik gabea izango dela iragarri du, baina lurraldearen iparraldearen eta hegoaldearen artean alde nabarmenak izango direla iragarri du.
Horrela, kantauri isurialdean behe-hodeiak (batez ere goizeko lehen orduetan eta gauean) eta aldi eguzkitsuagoak tartekatuko dira. Gainera, egunaren lehen orduetan haizea aldakorra eta ahula izango da (iparraldetik joko du kostaldean eta hegoaldetik barnealdean), baina arratsaldean haizeak iparraldetik joko du.
Kantauri isurialdean espero diren tenperatura minimoak 14 eta 17 gradu artekoak izango dira, eta maximoak 23 gradu ingurukoak kostaldean eta 25 eta 30 ºC artekoak barnealdean.
Isurialde mediterraneoan lanbroa edo lainoa sor liteke egunsentian, baina gainerako orduetan giro eguzkitsua nagusituko da, egunaren erdialdean zerua ia garbi egongo da eta hegoaldeko haize ahula ibiliko da.
Hala ere, arratsaldean haizea indartu egingo da eta iparraldera egingo du. Kasu horretan, espero diren tenperatura minimoak 12-14 gradu ingurukoak izango dira, eta maximoak 30-35 gradukoak.