Gizartea -
Trafikoa
Amaitu dira auto-ilarak A-1 errepidean, Gasteiz parean
Ilarek N-622ko lotuneari eragin diote goizean zehar, kamioi baten kabinan piztutako sute baten ondorioz.
EITB Media
Kamioi baten matxurak eragindako istripu batek A-1 autobidea oztopatu du astelehen goizean, lehen ordutik. 3 kilometrorainoko auto-ilarak izan dira Gasteiz parean, Madrilerako noranzkoan. Segurtasun Sailak EITB Mediari jakinarazi dionez, auto-ilarek N-622 errepideko lotuneari eragin diote.
Hozkailu-kamioi baten kabinako akats tekniko baten ondorioz piztutako sute txiki bat izan da istripuaren kausa, baina dagoeneko itzalita dago. Bidearen eskuineko erreian geldirik egon da ibilgailua, 351. kilometroan.
Larrialdietako Zerbitzuak, Ertzaintza eta suhiltzaileak bertaratu dira, eta garabia ere lekuan aritu da lanean.