Gizartea -
Santiago eguna
Barrika lasterketa eta baratxuri azoka asteartean Gasteizen, nesken eta blusen eguna ospatzeko
Jantzi tradizionala jantzita, blusek eta neskek Gasteizko kaleak alaituko dituzte bihar, motorrak berotzen joateko; izan ere, Zeledonen jaitsiera gero eta hurbilago dago.
EITB MEDIA
Gasteizko blusen eta nesken koadrilek bihar, asteartea, ospatuko dute euren "egun handia", baratxuri usaina izango duen jaia. Santiago egunez egiten duten "Blusaren Eguna" Andre Maria Zuriaren jaietako aperitiboa izango da.
Ohi bezela egunari Santa Isabel hilerrian emango diote hasiera 29 koadrilek hildakoak omenduz. Ondoren, ekitaldi ludikoak hasiko dira. Ikusmin handiena barrika lasterkak izango du beste behin, hau da, asto lasterketa zaharraren ordezkoak. Korrikalariek euren trebetasuna erakutsi beharko dute aurten ere, upelak bultzatuta.
Gainera, milaka gasteiztarrek merkatuko 57 postuetan baratxuri kordak erosteko aukera izango dute. Postuok Memoriaren plazan eta San Frantzisko kalean jarriko dira.
Jai eskaintza osatzeko, Santiagoko Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka egingo dute unibertsitateko campusean, eta bigantxak egongo dira Iradier Arenan.
Arratsaldean, blusek eta neskek ohiko paseotxoa egingo dute 16:30ean Dato kalean.
Biharko jaiegunak motorrak berotzeko balioko du, Zeledonen jaitsiera gero eta hurbilago baitago. Datorren abuztuaren 4an hasiko dira Andra Mari Zuriaren jaiak Gasteizen.