Gizartea -
Santiago eguna
Blusek eta neskek Gasteizko kaleetan barrena ospatu dute egun handia
Jantzi tradizionala jantzita, blusek eta neskek Gasteizko kaleak alaitu dituzte, eta baratxuri usai artean, ohiko barrika lasterketa beste behin "Basatiak" taldeak irabazi du. Jaiegunak motorrak berotzeko balio izan du, Zeledonen jaitsiera gero eta hurbilago baitago.
EITB MEDIA
Gasteizko blusa eta nesken koadrilak "egun handia" ospatzen ari dira gaur, baratxuri usaineko jai giroan, Santiago eguna ospatzen den "Blusaren Egunean". Andre Maria Zuriaren jaietako aperitiboa da.
Eguna fresko hasi da Arabako hiriburuan, baina koadrilek kolorez eta giro onez bete dituzte Gasteizko kaleak. Hiriburuak baratxuri usaina izan du lehen ordutik, 22 eta 27 euro artekoa erristra, eta jendeak kaleak bete ditu ohiko ekitaldiak jarraitzeko. Barrika lasterketa ospetsuan beste behin "Basatiak" taldeak irabazi du.
09:00etan hasi da festa Udal Bandarekin eta txarangekin, eta besteak beste Zeledonen kanta jo dute. Musikaz gain, baina, badira bestelako protagonistak gaurko egunez; izan ere, ohikoa den moduan, baratxuri postu ugari daude Gasteizko kaleetan, baita nekazaritza eta abeltzaintza azoka ere. Barrika lasterketa ospetsuaz ere gozatu ahal izan dute bertaratu direnek.
Arratsaldean, blusek eta neskek ohiko paseotxoa egingo dute 16:30ean Dato kalean.
Gaurko jaiegunak motorrak berotzeko balioko du, Zeledonen jaitsiera gero eta hurbilago baitago. Datorren abuztuaren 4an hasiko dira Andra Mari Zuriaren jaiak Gasteizen.