Gizartea -
Nafarroa
Fiteron hiru seme-alabak hiltzen saiatu zen ama espetxean sartzeko agindua eman du epaileak
Emakumea kartzelan sartuko dute ospitaletik irtetean. Adingabeei azido klorhidrikoa (disolbatzailea) eman zien, eta sukaldeko aizto batekin zauriak eragin zizkien. Hiru hilketa saiakera egotzi dizkiote, bakoitza 5 eta 10 urte bitarteko espetxealdiarekin zigortuta.
eitb media
Tuterako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 1 zenbakiko epaileak fidantzarik gabe espetxeratzeko agindua ezarri dio pasaden ostegunean Fiteron 3, 5 eta 9 urteko seme-alabak azido klorhidrikoa (disolbatzailea) emanez hiltzen saiatu zen amari.
Emakumea Nafarroako Unibertsitate Ospitalean dago, umeei eraso egin ondotik bere buruaz beste egiten saiatu baitzen, zauri larriak eraginez, eta Poliziaren zaintzapean egongo da alta eman arte. Behin alta hartzen duenean, kartzelan sartuko dute.
Fiskaltzak espetxeratzea eskatu du, ihes egiteko eta biktimen aurkako beste delitu bat egiteko gai dela iritzi baitio; defentsak, berriz, aurka egin du.
Errekurri daitekeen ebazpen judizialean, epaileak hiru giza hilketa-delitu egozten dizkio amari, eta delitu horietako bakoitzeko bost eta hamar urte arteko espetxe-zigorra ezar dakioke, epaileak azaldu duenez.
Umeek ospitalean jarraitzen dute baina hobera egin dute, baita amak ere, nahiz eta auzitegiko medikuaren txostenaren arabera, ez dago epailearen aurrean deklaratzeko moduan.