Gizartea -
Indarkeria matxista
Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen bikotekideei erasotzeagatik, eta beste bat urruntze agindua urratzeagatik
23, 24 eta 56 urteko hiru gizonak larunbat eta igande artean atxilotu zituzten Arabako hiriburuan.
Agentziak | EITB Media
Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen genero indarkeriako delitu bana egotzita, eta hirugarren bat urruntze agindua urratzeagatik, azken hori ere genero indarkeriaren esparruan.
Udaltzaingoak 56 urteko gizon bat atxilotu zuen larunbatean, bikotekide ohiari eraso egitea egotzita, Udalak astelehen honetan ohar baten bidez jakinarazi duenez. Gertakariak 20:00ak aldera jazo ziren. Poliziak dei bat jaso zuen 092 telefono zenbakian, Abetxuko auzoko etxebizitza batean gizon bat bikotekide ohiari eraso egiten ari zitzaiola esanez.
Bestalde, 24 urteko gazte bat atxilotu zuten joan den igandean, bikotekideari eraso egin ziolakoan, Ortiz de Zarate eta Foruen kaleen elkargunean gazte talde batek zaintza lanak egiten ari zen patruila bati deitu zionean.
Udaltzaingoak 23 urteko beste gazte bat atxilotu zuen larunbatean, genero indarkeriaren esparruan babes agindua urratzea egotzita. 092 zenbakira egindako dei batek jakinarazi zuen bikote bat eztabaidan ari zela bide publikoan, Bergarako Atea kalean.
Hiru kasuetan, gertakarien unean atxilotu zituzten gizonak.