Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Getxoko Udalak sexu-erasoak salatzeko gaurko deitu dituen bilkuretan parte hartzera deitu ditu herritarrak
Elkarretaratze bat 12:00etan egingo da, udaletxearen atarian, eta bestea, 19:30ean, Telletxe kaleko puntu lilan.
EITB MEDIA
Getxoko Udalak bi elkarretaratze deitu ditu gaurko, joan den astean Getxon izandako bi sexu-erasoak salatzeko. Batetik, 12:00etan, udaletxearen aurreko eskaileretan, bilkura isila egingo dute udal ordezkariek eta Berdintasun Batzordeko kideek, eta bestetik, 19:30ean, Telletxe kaleko puntu lilan biltzera deitu dituzte herritarrak.
Atzo egindako bilkuran, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu zuen sexu-erasoen kontrako adierazpena. Bertan, gogor gaitzetsi zituzten aurreko asteko sexu-erasoak, eta elkartasuna adierazi zieten biktimei eta horien gertukoei.
Bestalde, Algortako Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, Telletxe kalean, 'Erasorik ez, erantzunik gabe' goiburupean. Oihane Landazabal aipatutako plataformako kideak eraso oro salatzearen garrantzia nabarmendu, eta indarkeria matxista errotik desagerrarazteko lanean jarraitzeko eskatu zuen.
Bi gizonezko atxilotu zituzten joan den astean Getxon izandako erasoekin lotuta. Ertzaintzak jakitera eman duenez, Algortan izandako erasoaren ustezko egileak atzo deklaratu zuen epailearen aurrean, eta karguekin aske utzi zuten. Aixerrotan izandako erasoarekin lotuta atxilotutako 26 urteko gizonezkoa ere utzi zuten aske, deklarazioa hartu ondoren.