Gizartea -
Katalunia
Portbouko sutea kontrolpean, datozen orduetan egonkortzea espero dute suhiltzaileek
Barne Kontseilaritzak azaldu duenez, konfinamendua bertan behera geratu da Colera, Portbou eta Llançako urbanizazioetan, baina "murrizpenekin".
Agentziak | EITB MEDIA
Generalitateko suhiltzaileek atzo Portboun (Girona) piztutako baso-suteari eutsi ahal izan diote, eta datozen orduetan egonkortzea espero dute; bitartean, arratsaldean bertan Colera, Portbou eta kaltetutako Llançako urbanizazioetan ezarritako konfinamenduak altxatu dira.
Hedabideei egindako adierazpenetan, Joan Ignasi Elena Barne kontseilariak esan du suteari eusteko bidean aurrera egin ahal izan dela, 9 helikoptero eta 4 hegazkin itzaltzeko lanetan hasi ostean. Izan ere, lurreko ehun bat langileren eta 300 agenteren lanei batu zaizkie, haizeak emandako su-etenari esker.
Elenaren arabera, sutea, 573 hektarea erre dituena, ez da hazi eta "eutsi" ahal izan diote; beraz, gaueko lehen orduetan egonkortu ahal izateko lanean ari dira.
Gainera, 20:00ak aldera, Colera, Portbou eta Llançako urbanizazioen konfinamendua bertan behera utzi dute, baina "mugatuta"; izan ere, bizilagunak, aldi baterako egoiliarrak edo turistak, langileak eta larrialdi-zerbitzuak baino ezingo dira inguruetara sartu.
Jordi Martin Gironako suhiltzaileen buruak esan du suhiltzaileak "pozik" daudela "gaur egindako lanarekin", nahiz eta eguna 100 kilometro orduko haize-intentsitatearekin eta kontrolik gabeko perimetroarekin hasi den.
Hala ere, haizeak egunean zehar emandako "su-etenari" esker, lanen bilakaera ona izan da, eta suhiltzaileak lanean ari dira datozen orduetan sutea egonkortzeko. Gainera, datozen egunetan kontrolpean eta itzalita egotea espero du.
Gironako suhiltzaileen arduradunak adierazi duenez, "Tramontanaren eragunez, egun zailak" izango dira, baina ekaitzak izango balira, jakina, sua itzaltzen lagunduko lukete. Hala ere, "zuhur" jokatu behar dela esan du.
Sutea ostiralean piztu zen, lehen ikerketen arabera, arrazoi "ez naturalengatik".