Gizartea -
Nafarroa
Bi pertsona zauritu dira Cadreitan, horietako bat larri, bi ibilgailuk talka eginda
Tuterako Reina Sofia Ospitalera eraman dituzte 24 eta 61 urteko gizonak, pronostiko larriarekin eta erreserbatuarekin, hurrenez hurren.
Agentziak | EITB Media
Bi gizon zauritu dira asteazken honetan NA-660 errepidean, Cadreitan (Nafarroa), gidatzen ari ziren ibilgailuek talka eginda. Kolpearen ondorioz, errepidetik atera dira.
SOS Nafarroa 112 Zerbitzuko Larrialdiak Kudeatzeko Aretoak 06:41ean jaso du istripuaren berri, eta Azkoiengo parkeko suhiltzaileak, Valtierrako guardiako mediku taldea, bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia medikalizatu bat eta Foruzaingoaren Tuterako polizia-etxeko bide-segurtasuneko patruilak bidali ditu gertakarien lekura.
Suhiltzaileek ibilgailuan harrapatuta zegoen gidarietako bat askatu ostean, larrialdietako zerbitzuek bi gizon eraman dituzte Tuterako Reina Sofia Ospitalera. Horietako bat (24 urtekoa) larri eraman dute, eta besteak (61 urtekoa) pronostiko erreserbatua du.
Bi ibilgailuek aurrez aurre egin dute talka, eta, ondoren, bidetik atera dira, NA-660 errepideko 17,5 kilometroan.
Larrialdietako zerbitzuak lanean ziren bitartean, errepidea itxita egon da 07:15etik 10:00etara, eta ordu horretan ireki dute berriro, zaurituak ospitalera eraman, istripuan nahasitako ibilgailuak erretiratu eta errepidea garbitu ondoren. Tarte hori itxita izan duten bitartean, Foruzaingoak NA-134 errepidetik bideratu du trafikoa.
Tuterako Foruzaingoaren polizia-etxeko argiketen brigadak bere gain hartu ditu ezbeharra argitzeko izapideak, Foru Gobernuak jakinarazi duenez.