Gizartea -
Bilbon
Gazte bat atxilotuta, bikotekide ohiaren 3 urteko semea bahitzeagatik
Bilbon atxilotutako gizonak, gainera, urruntze agindu bat du indarrean bikotekide ohiaren aurkako genero indarkeria kasu bategatik. Umea ondo dago, eta dagoeneko amarengana eraman dute.
Erredakzioa
Ertzaintzak 18 urteko gizon bat atxilotu du Bilboko Santutxu auzoan legez kanpoko atxiloketa bat egotzita, gazteak bere bikotekide ohiaren semea eraman baitzuen horren baimenik gabe.
Igande arratsaldean, emakume batek bere bikotekide ohiak hiru urteko semea bere baimenik gabe eraman berri zuela azaldu zion Ertzaintzari. Komunikatzailearen arabera, umea ahaide baten konpainian zegoen gizona atzetik hurbildu, umea besoetan hartu eta korriketan ihes egin zuenean.
Polizia gertakariaren lekura bertaratu eta emakumearekin hitz egin ostean gizonaren bilaketari ekin zioten. Azkenean Bilboko Alde Zaharrean aurkitu zuten beste pertsona baten konpainian. Agenteen presentziaz beldurtuta, ustezko bahitzaileak Bilboko Zazpi Kaleetan egin zuen ihes, umea alboan zeukan gizonari utziz. Behin Bilbo Zaharrean, agenteek gizona atzeman eta atxilotu zuten, umea bahitzea egotzita.
Ertzaintzaren esku
Atxilotuak, gainera, urruntze agindu bat du indarrean bikote ohiaren aurkako genero indarkeria kasu bategatik. Umea ondo dago, eta dagoeneko amarengana eraman dute, gizona, berriz, Poliziaren esku dago, epailearen aurretik noiz pasatzeko zain.