Gizartea -
Eguraldia
Prezipitazio mardulak izango dira euskal kostaldean igande eguerdira arte
Euskalmeten arabera, litekeena da ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago pilatzea Kantauri isurialdean.
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du larunbat honetako 18:00etatik igandeko 12:00ak arte, Kantauri isurialdean prezipitazio handiengatik. Bestalde, AEMET Estatuko agentziak abisu horia ezarri du Nafarroan gaurko 18:00etatik biharko 09:00etara.
Euskalmetek jakitera eman duenez, litekeena da ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago pilatzea Kantauri isurialdeko zenbait puntutan, batez ere kostaldean, baina Nafarroan ere kopuru bera metatu liteke, AEMETen arabera. Zaparrada ertainak eta sarriak espero dira, eta zaparrada handiak eta trumoitsuak ere bota ditzake han hemenka.
Gaur arratsaldeko seietatik igande eguerdiko hamabiak arte, metro koadroko 30 litro baino gehiago pila litezke Kantauri isurialdeko zenbait tokitan, batez ere ekialdean.