Gizartea -
Sutea Nafarroan
Nafarroako sutea 0 mailara jaitsi dute, "bilakaera ona" duelako eta kontrolatuta dagoelako
Suhiltzaileek tokian jarraitzen dute, gune beroak zaintzen eta freskatzen, hiru baso-brigadarekin. Sugarrek 600 hektarea kiskali dituzte.
Agentziak | EITB Media
Joan den ostegunetik Artaxoa eta Mendigorria inguruan eragina izan duen baso-sutearen "eboluzio onari" esker, Nafarroako Baso Suteengatiko Babes Zibileko Plana (INFONA) mailaz jaitsi eta 0 Egoera Operatibora igaro da.
Hala ere, suhiltzaileak bertan dira, gune beroak zaintzen eta freskatzen, hiru baso-brigadarekin, SOS-Nafarroak bere sare sozialetan jakinarazi duenez.
Suhiltzaileen arabera, duela ordu batzuk hartu dute kontrolpean epizentroa Artaxoa udalerrian izan duen sutea.
Ostegunetik 600 hektareako eremu zabal bati eragin diote garrek. Lehen orduetan, Espainiako bitartekoen laguntza behar izan zuten sugarrei aurre egiteko, eta horrek, aldi berean, INFONA Planaren 2. Egoera Operatiboa aktibatzea eskatu zuen.
Kaltetutako eremuan (Artaxoa eta Mendigorria udalerriko eta, neurri txikiagoan, Añorbe, Obanos eta Garesko baso-eremuak), Tafalla, Cordovilla, Lizarra eta Azkoiengo suhiltzaile-parkeetako langileak aritu dira, eta bi helikopteroren, zortzi baso-bonben eta sei ibilgailu arinen laguntza jaso dute.
Horiez gain, FOCA hegazkin anfibio bat eta Zaragozan basea zuen ACO koordinaziorako hegazkin bat eta Lubiako (Soria) eta Darocako (Zaragoza) BRIFak era aritu dira.
Halaber, itzaltze lanetan aritu dira bi helikoptero, Noainen eta Agoncillon (Errioxa) basea zuten bi karga-hegazkin, Ingurumeneko Basozainak eta Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren patruilak.
Baliabide horiekin guztiekin, sutea perimetratzea lortu zuten ostegun arratsaldeko azken orduan. Atzo, ostirala, "erabat egonkortuta" geratu zen, eta sugarrak freskatzeko eta errematatzeko lanak egiten jarraitu dute ordutik.