Gizartea -

Futbola

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak izapideak ireki ditu Rubialesek Hermosori emandako musua tarteko

Jokalariak egindako "adierazpen publikoak" ikusita hartu du erabakia Fiskaltzak, eta ondorioztatu du musua ez zela baimendua izan.

Luis Rubiales EFEko artxiboko irudi batean
Luis Rubiales EFEko artxiboko irudi batean
Luis Rubiales EFEko artxiboko irudi batean

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ikerketa abiatuko du Espainiako Futbol Federazioko presidenteak Jenni Hermoso Espainiako selekzioko jokalariari Munduko Txapelketako garaikurren banaketan emandako musua tarteko, sexu-erasoa izan daitekeela uste baitu. Halaber, jokalariarengana joko duela adierazi du, salaketa jartzeko aukera eskainiz.

Jokalariak egindako "adierazpen publikoak" ikusita hartu du erabakia Fiskaltzak, eta ondorioztatu du musua ez zela baimendua izan.

Iturri fiskalek zehaztu dutenez, "ez da oraindik prozesu judiziala hasi", auzia "oraindik prozesu aurreko unean dago".

Zehazki, jokalariarengana jotzen du Fiskaltzak "ustezko sexu-eraso delitu baten biktima gisa dituen eskubideen berri emateko", eta 15 eguneko epean Fiskaltzarekin harremanetan jartzeko aukera ematen dio.

Fiskaltzak uste du salatutako gertakariak -"jokalariaren buruari bi eskuekin heltzen zion bitartean" musu ematea- sexu-eraso delitua izan daitezkeela, eta nabarmendu du "oihartzun handia" duela hedabideetan, bai Estatu barruan, bai nazioartean.

Marta Durantez Auzitegi Nazionaleko fiskalordeak sinatutako dokumentuak, halaber, gogorarazten du, Estatuko Fiskaltza Nagusiak sexu-askatasunaren aurkako delituen erreformaren ondoren jarduteko irizpideei buruz emandako zirkularrak, "Bai soilik da bai" izenez ezagutzen den legean, ahoan emandako musuak "gaitzespen penala merezi duten" ekintzen artean jasotzen zituela, hainbat epairen arabera.

Horrez gainera, zehazten du, Zigor Kodearen arabera, "sexu-eraso, -jazarpen edo -abusuen delituetan, beharrezkoa izango dela biktimaren salaketa, haren legezko ordezkariarena edo Fiskaltzaren kereila. Azken honek auzian presente dauden interes legitimoak neurtzeko helburuz jokatuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak