Gizartea -

Rubiales auzia

Luis de la Fuente postuan mantendu eta Rubialesen aurkako zentsura-mozioa baztertu du RFEFk

Jorge Vilda emakumezkoen hautatzaileari dagokionez, Pedro Rochak jakinarazi du datorren astean bilduko dela berarekin.

Jorge Vilda eta Luis de la Fuente abuztuaren 25eko batzarrean. Argazkia: EFE.
Jorge Vilda eta Luis de la Fuente abuztuaren 25eko batzarrean. Argazkia: EFE.
Jorge Vilda eta Luis de la Fuente abuztuaren 25eko batzarrean. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) bi erabaki hartu ditu Luis Rubiales presidentearen kasuari buruz: Luis de la Fuente karguan mantentzea eta zentsura-mozioa baztertzea. Rubiales 90 egunetarako kargugabetu zuen FIFAk, Jenni Hermoso jokalariari Munduko Txapelketako finalean baimenik gabe eman zion musuaren eta jardunaldi horretan eta ondorengoetan izan zuen jarreraren ondorioz.

Alde batetik, Pedro Rocha RFEFko behin-behineko presidenteak ziurtatu du Luis de la Fuente gizonezkoen hautatzaile absolutuaren postuan "erabat ziurtatuta" dagoela, eta Jorge Vilda emakumezkoen selekzioko teknikariarekin datorren astean bilduko dela.

Rocharen hitzetan, De la Fuente Federazioko "kide guztiek babesten dute erabat", eta "bikain ari den langilea da, bi partida ditugu aurretik eta entrenatzen aritu behar du".

Gizonezkoen hautatzailea abuztuaren 25eko RFEFko batzarrean Luis Rubialesek esandakoak txalotu zituen. Irudi horrek futbolaren munduko pertsona askoren haserrea piztu zuen eta batzuek horren dimisioa ere eskatu zuten. Egun batzuk geroago, ordea, FIFAk kargugabetutako presidentearen jarrera gaitzetsi zuen. RFEFk, oraingoz, De la Fuente bere postuan mantentzeko asmoa du.

Jorge Vilda emakumezkoen hautatzailearen egoera zailagoa da. Munduko Txapelketa irabazi zuten 23 jokalariek abuztuaren 25ean Jenni Hermosoren alde argitaratutako komunikatuan iragarri zutenez, "ez dira selekzioaren deialdira itzuliko egungo agintariek bertan jarraitzen badute".

Batzarrean Rubiales txalotzeaz gain, Jenni Hermosori presioa egin izana leporatzen diote Vildari. Musuaren ostean Rubialesek egin zuen bideoan ateratzeko eta aferari garrantzia kentzeko eskatu ziola zabaldu da.

Kasu honetan, Pedro Rochak esan du bi aldeak datorren astean bilduko direla. "Entzun eta hitz egin behar da, oraindik ez dugu egin eta", adierazi du.

Zentsura-mozioa eta hauteskundeak

Bestalde, Rubiales behin betiko kargutik kentzeko zentsura-mozioa aurkeztu eta 2024a baino lehen hauteskundeak egiteko aukera baztertu egin du RFEFk, araudiak hala agintzen duela argudiatuta. 

Federazioko iturriek azaldu dutenez, federazioetako hauteskunde-prozesuak arautzen dituen Kultura eta Kirol Ministerioaren aginduak dio mozio batek irizpide hauek bete behar dituela: "Ezingo da aurkeztu agintaldiaren lehen sei hilabeteetan, ezta hauteskunde-deialdia egiteko sei hilabete eta urtebete bitartean geratzen direnean ere".

RFEFk 2024ko uztailaren 26tik abuztuaren 11ra egingo diren Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartuko du, gizonezkoen selekzioa sailkatuta baitago. Hori dela eta, hurrengo hauteskundeak Jokoak amaitu ondoren deitu beharko lituzke, eta Rubialesen agintaldia, nolanahi ere, urte horretako irailean amaituko litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbol albisteak 2024 Indarkeria matxista Espainian Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Matxismoa